"Arrazionalista" eleberria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Joxan Oiz idazleak jasoko du Xabier Lete literatura beka

Eusko Jaurlaritzaren eta BBVA Fundazioaren arteko lankidetza-programak 70.000 euroko dirulaguntza emango dio donostiar idazleari, urtebetez XX. mendeko bi euskal arkitektoren istorioa idatz dezan.
Joxan Oiz  Beca Xabier Lete 026
Joxan Oiz. Argazkia: E. Moreno Esquibel

Joxan Oiz Arrutirentzat izango da, adituen epaimahai batek hala erabakita, Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak bultzatzen duten Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren hirugarren edizioa. 70.000 euro jasoko ditu Oizek, hortaz, urtebetez literatura proiektu bat gauzatzen jardun ahal izan dezan.

Espainian mugimendu arrazionalistaren aitzindari izan ziren XX. mendeko bi arkitekturen arteko adiskidetasuna du kontagai Oizek aurkeztu duen liburu proiektuak: Jose Manuel Aizpurua, eleberriaren protagonista, eta Joaquin Labaien, narratzailea. “Biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak izan ziren, baina bata falangista zen, eta, bestea, jeltzalea”, azaldu du aditu batzordearen txostenak.

Proiektuaren behin-behineko izenburua Arrazionalista da, eta Aizpuruaren irudia izango du ardatz, 1936an fusilatu aurreko egunetan kontraesanez betetako “ertz ugariko pertsonaia”.

Joxan Oiz Arruti Donostian jaio zen, 1968an. Euskal Filologia ikasi eta lizentziatu ondoren, Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian aritu zen kazetari. 1992. urteaz geroztik, Historia, Euskara eta Literatura irakasle da Donostian, Tolosan bizi den arren.

2006an Beñat Dardo argitaratu zuen, Bernard Etxepareren bizitzari buruzko fikziozko birsorkuntza historikoa. 2025ean, nobela beltzaren generoan estreinatu zen Amazurtza lanarekin, XIX. mendeko Donostian girotua.

Hirugarren edizio honetako proposamenak baloratu dituen aditu-batzordeko buru Jon Kortazar Uriarte idazlea eta literatura-kritikaria izan da, eta harekin batera izan dira Alex Gurrutxaga Muxika, Katixa Agirre Miguelez, Aritz Galarraga Lopetegi eta Lourdes Otaegi Imaz.

Xabier Lete bekaren hirugarren deialdia da aurtengoa. Joan den urtean, bigarren edizioan, Patxi Zubizarreta idazlea izan zen irabazlea, Txoriei begiratzen zien gizonari begiratzen zion emakumea proiektuarekin, eta lehengoa deialdiaren irabazlea Eider Rodriguez izan zen. Gaur arte, ez da bi lanotako bat ere argitaratu. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X