Iñaki Subijanak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente kargua berritu du
Iñaki Subijanak beste bost urtez izango du EAEko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) presidente kargua, eta epaileen “independentzia, inpartzialtasuna, neurritasuna eta erantzukizunaren alde” mintzatu da.
Iñaki Subijanak kargua berritu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente gisa, eta bere bigarren agintaldiari ekin dio. Kargua hartzeko hitzaldian, epaileen “independentzia, inpartzialtasuna, neurritasuna eta erantzukizunaren alde” mintzatu da.
Subijanak kargua hartu du Imanol Pradales lehendakaria eta erakundeetako zein justizia arloko hainbat ordezkari bertan zirela. Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren aurrean karguaren zina egin ondorengo hitzaldian, gogorarazi du epaile eta magistratuen jardunak beti independentzian, inpartzialtasunean, neurritasunean eta erantzukizunean oinarritu behar duela, “herritarrek justizarekiko konfiantza izan dezaten”.
“Justizia ezin da pertsonengandik aldendu. Pertsonengandik abiatuta, pertsonekin batera eta pertsonentzat eraiki behar da”, adierazi du.
Auzitegi Nagusiko presidenteak bere jarduera-planaren ildo nagusiak azaldu ditu, eta nabarmendu du bere erronka nagusia izango dela sistema judizialerako irisgarritasuna hobetzea, bereziki desgaitasuna dutenentzat, adinekoentzat eta haur eta nerabeentzat.
Euskararen erabilera eta epaiketa arinak
Euskararen erabilerari dagokionez, herritarrek Justizia Administrazioarekin dituzten hizkuntza-eskubideei buruzko gida bat prestatzea eta zabaltzea sustatzea komenigarria dela adierazi du. Era berean, euskarazko epaiketen proiektu pilotua aipatu du, baita euskaraz egiten diren jarduketak bultzatzeko beharra ere, udal mailako justizia bulegoetan.
Halaber, Subijanak epaiketa azkarren erabilgarritasuna azpimarratu du, instrukzio errazeko delituen gaineko epaiketak bizkortzeko tresna gisa.
Azkenik, Auzitegi Nagusiko presidenteak positibotzat jo ditu 559/2026 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako 17 epaile-plazak, eta espero du hori hasiera izatea Euskadi Europar Batasuneko batezbestekoetara hurbiltzeko, 100.000 biztanleko epaile kopurura, hain justu.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera