48 urteko zigorra ezarri diete Panaman Eneritz Argintxona erandiotarra hiltzeagatik akusatutako bi gizonei
30 urteko zigorra bete beharko dute feminizidioagatik eta 18 larriagotutako lapurretagatik. Erdialdeko Amerika zeharkartzen ari zen Argintxona 2024ko udan, eta uztailean hil egin zuten, Bocas del Toro artxipelagoan zegoela. Ikerketak argitu duenez, orain kondenatutakoek kolpatu egin zuten neska "haren gauzak kentzeko asmoz", eta hil egin zuten.
Panamako auzitegi batek 48 urteko kartzela-zigorra ezarri die bi gizoni Eneritz Argintxona Fraile 30 urteko turista bizkaitarra hiltzeagatik eta lapurreta egiteagatik, Bocas del Toro artxipelagoan (Karibe), 2024ko uztailean.
Ekainaren amaieran Justiziak erruduntzat jo ostean, astelehen honetan epaia irakurri dute, eta 30 urteko zigorra ezarri diote bakoitzari feminizidio delituagatik, eta 18 urtekoa lapurreta larriagotuagatik Ministerio Publikoak (MP, Fiskaltza) prentsa-ohar batean zehaztu duenez.
Epaiketan zehar, Bocas del Toroko Fiskaltza Erregionalak bi akusatuen erantzukizun penala egiaztatzea lortu du, 2024ko uztailaren 23an Isla Carenero herrian izandako gertakariengatik egindako ahozko epaiketan. Zehazki, Fiskaltzak frogatu ahal izan du atxilotuetako batek matxete baten kirtenarekin bortizki jo zuela gaztea, eta besteak mugikorra eta argazki-kamera lapurtu zizkiola.
"50 froga baino gehiago aurkeztu dituzte, bi akusatuen erantzukizun penala egiaztatzea ahalbidetu zuten lekukotza, eta froga perizial eta dokumentalen artean", eta, horiekin guztiekin, aho batez eman du epaia auzitegiak.
Eneritz Argintxona Fraile, erandiokoa bera, 2024ko uztailaren 23an ikusi zuten azkenengo aldiz Carenero uhartean, Bocas del Toro artxipelagoan. Bi egun geroago, hilotz bat topatu zuten hondartza batean, eta egun batzuetara egiaztatu egin zuten hildakoa emakume bizkaitarra zela.
Emakumea buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zela argitu zuen autopsiak, eta, hortaz, hasieratik baztertu zen istripuaren aukera.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera