Eusko Jaurlaritzak ia sei milioi euro bideratuko ditu lehen sektorera lehortearen eta kostera txarraren ondorioak konpentsatzeko
Euri falta eta Irango gerra dela eta, kostuak nabarmen hazi dira nekazari eta abeltzainentzat, eta horiei bideratuta egongo da diru partidarik handiena. Gainerakoa ontzi txikiei eta berdelaren kosteraren menpe daudenei bideratuko zaie. Laguntzok urtea amaitu baino lehen egongo dira eskuragarri.
Behi batzuk, zelai lehor batean. Argazkia: Europa Press
Eusko Jaurlaritzak 5,95 milioi euroko aparteko laguntzak emango dizkie Euskadiko nekazari, abeltzain eta arrantzaleei, 2026an erregistratutako "salbuespen egoerei" aurre egiteko. Zehazki, lehortearen, Irango gerraren eta kostera txarraren ondorioak nolabait konpentsatzea izango da laguntza horien helburua. Jaurlaritzako iturrien arabera, laguntzok urtea amaitu baino lehen egongo dira eskuragarri.
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prentsaurrekoan iragarri duenez, laguntza programa honek 5,52 milioi euro aurreikusi ditu nekazaritza eta abeltzaintza ustiategientzat lehorteari eta Ekialde Hurbileko krisiari lotutako kostuen ezohiko igoerei aurre egiteko. Gainerakoa (430.650 euro) arrantzaleentzat izango da, ontzi txikiei eta berdelaren menpe daudenei bideratuta, aurtengo kostera txarra izan baita. Laguntza horien zatirik handiena EAEko aurrekontuetatik aterako dute, eta bestea Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsetik.
Ormuzko Aparteko Laguntza deitu dutenak esne behiak dituzten ustiategiak izango ditu jomuga. Izan ere, Irango gerraren ondorioz, abeltzainei asko garestitu zaizkie erregaiak eta ongarriak. Lehortearen ondorioak konpentsatzeko laguntzak honakoei bideratuko zaizkie: haragi behiak, ardiak, ahuntzak eta zaldiak dituztenei edota patata (ereitekoa zein kontsumorakoa), indaba, ekilore, sagardo sagarra edo artoa ekoizten dutenei. Euri faltak larreak lehortu ditu, eta bazka eta ur beharrek gora egin dute.
Dirulaguntzen onuradunek gehienez 15.000 euro eta gutxienez 300 jaso ahalko dituzte. Laborariek kaltetutako eremuaren arabera jasoko dute laguntza.
Arrantza sektoreari bideratutako laguntzei dagokienez, eskifaiako kide bakoitzak 825 euro jasoko ditu, eta enpresako 10.000 euro izango dira gehienez. Orotara, Gipuzkoako eta Bizkaiko 73 ontzik jasoko dute laguntza, eta arrantza ontziei bideratutako beste laguntza lerro bat indarrean jartzekotan da Jaurlaritza, gasolioaren garestitzea tarteko. Laguntza hori gaur egun Espainiako Gobernuak ematen duenaren osagarri litzateke.
“Aparteko egoera batean gaude, eta gure erantzunak halakoa behar du izan. Krisi honen ondorioak gehien pairatu dituzten sektoreei lagundu nahi diegu, ekoizteko ahalmenari eutsi ahal izateko”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.