OCUk ohartarazi du gasolina eta diesela % 30 baino gehiago garestitu direla Irango gerra hasi zenetik
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) zabaldutako datuen arabera, otsailaren 28tik irailaren 28ra bitartean gasolina litroaren batez besteko prezioa 1,48 eurotik 1,935 eurora igo da, eta dieselarena, 1,437 eurotik 1,931 eurora.
Pasa den otsailaren 28an Irango gerra hasi zenetik, gasolinaren eta dieselaren prezioak nabarmen egin du gora. Zehazki, % 30,7 eta % 34,4 garestitu dira Espainiako Estatuan, OCU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera. Hori dela eta, neurri gehiago eta egiturazkoak izan daitezela galdegin du, prezioen eboluzioa "gertutik" jarraitzeko eskaerarekin batera.
OCUk egindako kalkuluen arabera, otsailaren 28tik irailaren 28ra bitartean gasolina litroaren batez besteko prezioa 1,48 eurotik 1,935 eurora igo da, eta dieselarena, 1,437 eurotik 1,931 eurora.
Espainiako Gobernuak erregaien gaineko deskontuak onartu baditu ere —24 zentimoko deskontua diesel litroaren prezioan, eta sei zentimokoa, gasolinarenean—, prezioek gora egiten jarraitu dute.
OCUk krisiaren eragina arintzeko neurria "erabilgarria" dela nabarmendu du, baina gaur egungo inflazio testuinguruak "egiturazko neurriak" hartzea eskatzen duela uste du. Izan ere, erregaien prezioak iazko balioetara itzultzeko aukerak urriak direla adierazi du.
Hori guztia dela eta, "neurri gehiago behar" direla uste du, hala nola herritarrentzako zuzeneko laguntzak —errenta maila eta familiaren aurrekontuan erregaietan egindako gastuak duen pisua aintzat hartuta—, garraio publikoa indartzea, garraiobideak partekatzearen alde egitea eta ibilgailu elektrikoen karga puntu ultralasterrak bultzatzea, baita deskontuak "igoerak bezain azkar" bideratzen direla bermatzea ere.