Erregaien gaineko deskontuak urte amaierara arte luzatuko ditu Espainiako Gobernuak
Hidrokarburoen gaineko zergaren deskontua litroko 20 zentimokoa izango da urrian, litroko 13 zentimokoa azaroan eta litroko 6 zentimokoa abenduan, eta inflazioari lotutako babes mekanismoa mantendu egingo da.
Gasolindegi bat, artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press
Espainiako Gobernuak urtea amaitu arte mantenduko ditu hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren gaineko deskontuak, Moncloako iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenaren arabera. Jaitsiera hori litroko 20 zentimokoa izango da urrian, litroko 13 zentimokoa azaroan eta litroko 6 zentimokoa abenduan. Halaber, inflazioari lotutako babes mekanismoari eutsi egingo zaio prezioen bilakaeraren araberako deskontuak igotzeko.
Irailean, deskontua 5 zentimokoa da gasolina litroko eta 20 zentimokoa diesel litroko, uztailean erregaien garestitzeak babes mekansimoa aktibatu eta deskontua areagotzea ahalbidetu zuelako.
Ministroen Kontseiluak errege lege-dekretu bat onartuko du gaur, Irango gerrak energiaren prezioetan eragindako igoerari aurre egiteko neurri sorta batekin. Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urtearteko tasa % 4,9ra arte hazi da irailean.
Sara Aagesen Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak astearte honetan aurreratu duenez, gasaren Azken Aukerako Tarifaren igoera (TUR gazteleraz) % 15era mugatuko da laugarren hiruhilekoan, eta butano bonbonaren prezioa 19,55 euroan mantenduko da datorren urteko ekainera arte.
Moncloako iturriek adierazi dutenez, errege lege-dekretuak gasolio profesionalera bideratutako laguntza bat ere jasoko du.