Erregaien garestitzeak % 4,9ra handitu du KPIa irailean
2023ko otsailaz geroztik — % 6ra iritsi zen orduan— izan duen daturik handiena da irailekoa. Inflazioak hiru hilabete daramatza goranzko joeran, eta 2023ko apiriletik % 4ko muga gainditu duen bigarren aldia da.
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) sei hamarren —% 4,9ra arte— handitu du urtearteko tasa irailean. 2023ko otsailaz geroztik —% 6ra iritsi zen orduan— izan duen daturik handiena da, INE estatistika erakundeak gaur argitaratu dituen datuen arabera.
Iraileko datu hori kontuan izanda, inflazioak hiru hilabete daramatza goranzko joeran, eta 2023ko apiriletik % 4ko muga gainditu duen bigarren aldia da.
Erakundeak azaldu duenez, erregaien garestitzea da igoeraren arrazoi nagusia. Iazko irailean, ordea, merkatu egin zen erregaien prezioa.
Era berean, INEk adierazi du pakete turistikoen garestitzeak ere eragina izan duela horretan, neurri txikiagoan bada ere.
Nolanahi ere, datorren urriaren 14an argitaratuko dituzte iraileko KPIaren behin betiko datuak. Orduan, zehatzago jakingo da zein izan diren prezioak gehien igo dituzten erosketa saskiko produktuak.
Azpiko inflazioa % 3,1era igo da
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) KPIaren azpiko inflazioaren estimazio bat egin du, eta irailean bi hamarren handitu da, % 3,1era arte.
Testuinguru horretan, Ministroen Kontseiluak krisiaren aurkako neurri berriak onartuko ditu gaur, asteartearekin, erosahalmenaren galera arintzeko bidean, Ekialde Hurbileko gatazka eragina izaten ari baita prezioen garestitzean.