Heko, Oarsoaldean eta Baztanen erabili ahal izango den euskal moneta
"Heko" izeneko euskal moneta aurkeztu dute larunbat honetan Elizondon, Hego Euskal Herri osorako tokiko dirua izan nahi duena, eta Gabonetatik aurrera Oarsoalden eta Baztanen erabili ahal izango dena.
Iparraldeko "Eusko" diruaren eredua hartu dute erreferente (1.500 erabiltzaile profesional eta 4.500 erabiltzaile partikular ditu, gaur egun), eta etorkizunean, proiektua sustraitzen denean, bi monetak uztatu nahi lituzkete juridikoki bultzatzaileek.
Bertako ekonomia sustatzea eta eskualdeko aberastasuna bermatzea da ekimen honen helburua. Eta izena, "herria, herritarrak, ekonomia eta ekologia lotzen dituelako" hautatu dute.
"Heko" bakoitzak euro baten balioa izango du, eta "Heko" bidez ordaintzeko hiru modu egongo dira:
- 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 "Heko"ko billete fisikoak
- Hekopay aplikazioarekin (bizum bidez ere ordainketak egiteko aukera izango da)
- QR bat daukan txartel fisikoa
Dirua erabili nahi duenak Heko elkarteko bazkide izan behar du, eta bere euroak hekoekin trukatu beharko ditu horretarako ezarriko diren trukeguneetan. Bultzatzaileek azaldu dutenez, sei segurtasun neurri txertatu dituzte billeteetan, faltsutzeak ekiditeko.
Bi modu daude bazkide egiteko:
- Online, Heko.eus webgunean.
- Aurrez aurreko informaziogune eta aldaguneetan: Proiektu pilotua garatuko duten herrietan informazio mahaiak jarri eta aurkezpenak egingo dituzte ondorengo hilabeteetan. Moneta martxan jartzean, herri bakoitzean egongo diren aldagune ofizialetan (denda edo elkarte babesleetan) izena eman eta euroak hekoengatik aldatu ahal izango dira.
Urte amaierarako 1.000 bazkide edo erabiltzaile izan nahi dituzte eta oraingoz 250 dituzte, Oiarsoaldeko eta Baztango 40 saltoki, tartean.
Euskal Herriko edozein bizilagun ere egin daiteke, gainera, bazkide, ekimena zabaldu eta denborarekin, Euskal Herri osorako moneta izatea baita helburua.
Hainbat erakundek babes ekonomikoa eman diote proiektuari: Nafarroako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalbiltzak, eta Baztan, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek.
Bazkide dira, bestalde, AEK, Ikastolen elkartea, Bilgune Feminista, EHKOlektiboa, LAB sindikatua, Ipar Hegoa Fundazioa, Olatukoop, BERRIA eta beste erakunde batzuk.