Etxebizitza hutsen Ondasun Higiezinen gaineko Zergari % 75eko errekargua ezarriko die Bilbok, eta % 99ko hobaria izango dute alokairura bideratutako pisuek
Egonaldi turistikoen gaineko zergari dagokionez, Bilboko Udalak karga berri bat onartu du. Horrela, 1 eta 5 euro arteko karga ezarriko zaie hoteletan ostatu hartuta daudenei; euro batekoa, pentsioetan, kanpinetan, nekazaritza turismoetan, landetxeetan eta aterpetxeetan daudenei; 3,50 eurokoa, apartamentuetan ostatu hartzen dutenei, eta 6,50 eurokoa erabilera turistikoa duten etxebizitzetan gaua pasatzen dutenei.
Bilboko Udalak % 99raino handituko die Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) hobaria Bizigunera edo antzeko alokairu programa publikoetara bideratutako etxebizitzei. Ordea, % 75eko errekargua ezarriko die hutsik dauden pisuei, eta gehienez 6,5 euroko karga izango dute erabilera turistikoa duten apartamentu eta etxebizitzek, gaurko udalbatzan onartutako ordenantza fiskalaren arabera.
Izan ere, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen dituen ordenantza fiskala behin behinean onartu eta aurkeztutako zuzenketak ebatzi dira gaurko udalbatzan.
EAJk eta PSEk bozkatu dute neurri horien alde; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da, eta PPk ezezkoaren alde egin du.
Egonaldi turistikoen gaineko zergaren foru erregulazioaren esparruan, Bilboko Udalak pertsonako eta gaueko karga bat onartu du, 6 egunekoa gehienez. Horrela, 1 eta 5 euro artekoa izango da karga hoteletan; euro batekoa, pentsioetan, kanpinetan, nekazaritza turismoetan, landetxeetan eta aterpetxeetan; 3,50 eurokoa, apartamentuetan; 6,50 eurokoa erabilera turistikoa duten etxebizitzetan, eta 6 eurokoa gurutzontzietan.
Era berean, tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboarekin eta aprobetxamendu bereziarekin lotutako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzea onartu dute. Horrek esan nahi du hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresei udalerrian lortutako fakturazio sarrera gordinen % 1,5eko karga ezarriko dietela, baita telefonia mugikorreko enpresei ere.