ETXEBIZITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Erandioko hainbat familiak mobilizazioa egingo dute putre funts batek etxetik bota ez ditzan

Los Ochosen bizi diren ehundik gora familia borrokan ari dira beren etxeak ez galtzeko. Putre funts batek erosi zituen, eta funtsak ez dizkie alokairu kontratuak berritu nahi, higiezinak saldu nahi dituelako.

(Foto de ARCHIVO)

Vecinos de 'Los Ochos' de Erandio (Bizkaia)



Colaborador / Europa Press

17/9/2026
Los Ochoseko bizilagunak. Argazkia: Europa Press

Erandioko 120 familia borrokan ari dira etxetik bota ez ditzaten. Hamarkada bat baino gehiago daramate alokairuan bizitzen Los Ochosen, Tartanga inguruan, eta orain, putre funts batek alokairu kontratuak deuseztatu nahi ditu higiezinak saltzeko. Gaur arratsaldean manifestazio bat deitu dute euren egoera ikusarazteko eta erakunde eta auzotarren babesa bilatzeko.

Erandioko Los Ochosen 12 atari daude, alokairuan bizitzeko eraikitako ehun etxebizitza baino gehiago. Hala bizitzen daramate 15 urte baino gehiago familia batzuek. Baina Innocaixa La Caixa Fundazioko higiezinen enpresak Morgan Stanleyk kudeatutako Mosaic putre funtsari saldu zizkion etxebizitzak, eta jabe berriek pisuak saldu nahi dituzte orain.

LAB sindikatuak protestarekin bat egin du, eta salatu duenez, funts horrek "uko egiten dio indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeari", eta "egungo maizter askorentzat onartezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak".

"Gainera, presioak eta mehatxuak egin dituzte etxebizitzak lehenbailehen hutsik gera daitezen", salatu du.

Bizilagunek kontratu berritze kolektiboa negoziatzeko eskatu diote inbertsio funtsari, egungo errentarien diru-sarrerei egokitutako alokairu kontratuekin.

Funtsak bizilagunei eskaintzen dien aukera bakarra da batez beste 300.000 euro ordaintzea higiezina erosteagatik. Baina familia gehienek ezin diote aurre egin gastu horri.

Lehenengo kontratuak urrian amaituko dira. Erandio dagoeneko izapidetzen ari da eremu tentsionatu izendatzeko prozedura, eta izendapena lortzen duenetik aurrera transakzioak legeak ezartzen dituen baldintzen mende egongo dira.

Gaur, 19:00etan, familiek euren aldarrikapenak Erandioko kaleetara eramango dituzte berriro.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X