ETXEGABETZEA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Madrilgo Udalak ez du onartu Urbagestionek Maricarmen etxera itzultzeko egindako eskaintza

Etxebizitzaren jabe den enpresak proposamen bat egin du Madrilen etxegabetutako 87 urteko emakumeari "alternatiba egonkor eta eskuragarria" eskaintzeko.

FOTODELDÍA MADRID (ESPAÑA), 23/09/2026.- Maricarmen, una anciana de 87 años (c) tras ser desahuciada este miércoles de su vivienda en la calle del Alcalde Sainz de Baranda, en el madrileño distrito de Retiro. EFE/ Fernando Villar

Maricarmen etxegabetu zuten unea.

Madrilgo Udalak atzera bota du Urbagestión Desarrollo e Inversión SL enpresak, Madrilen etxegabetu zuten Maricarmenen pisuaren jabea denak, 87 urteko emakumea etxebizitzara itzul dadin egindako proposamena, baldintza horietan "bideraezina" dela iritzita.

"Aztertu ondoren, planteatutako baldintzetan bideraezina dela erabaki da; izan ere, etxebizitza ReViVa Programan sartzeak ez ditu betetzen programa horren oinarrietan ezarritako zein etxebizitzak erosteko beste programetan jasotako legezko baldintzak", azaldu du Madrilgo Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Udal Enpresak (EMVS Madrid) ohar batean.

Urbagestionek irtenbide bat proposatu du ostiral honetan, Maricarmen etxebizitzara itzuli dadin "modu egonkor eta eskuragarrian", baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Ildo horretan, adierazi du Madrilgo Etxebizitza eta Lurzoruaren Udal Enpresaren (EMVS) eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen esku jarri dela, proposamena "ahalik eta epe laburrenean" ebatzi ahal izateko.

Proposamena ukatzearekin batera, Madrilgo Udalak bitartekaritza zerbitzu bat eskaini die Maricarmenen ordezkariei, eta hauek astelehenean, irailaren 28an, Urbagestión SL enpresarekin bilera bat egitea onartu dute.  

Era berean, EMSVk adierazi du Udalak emakumeari laguntzeko prest egon dela haren egoera ezagutu zuenetik, eta, Gizarte Zerbitzuen bidez, "telelaguntza, etxez etxeko laguntza eta terapia okupazionala eman izan dizkiola, eta, udal-egoitza batean ostatu alternatiboa eskaini diola inolako kosturik gabe".

Manifestazioa larunbat honetan

Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramaile Valeria Racuk Urbagestión SLren jokabidea "lotsagarria" dela esan du, eta bere asmoa "aurpegia garbitzea" izan dela ziurtatu du.

Asteazkenean, etxegabetzearen egunean, sindikatuarekin negoziatzeari "uko" egin ziola aurpegiratu dio enpresari.  "Gaur, egin ditugun mobilizazioak ikusi ondoren (...) aurpegia garbitzen eta irtenbide posible bat proposatzen ari dira", esan du. 

Racuk Urbagestión SLri ohartarazi dio ez duela geldituko larunbat arratsalderako deitutako manifestazioa, eta "Maricarmen dekretua" lortzeko beharra aldarrikatu du.

Bestalde, enpresak ukatu egin du Maricarmeni ordaintzen ari zena baino errenta handiagoa eskatu izana. Enpresaren bertsioaren arabera,  maizterraren abokatuak alokairu berri baten prezioa adosteko duela hiru urte egindako errekerimendu idatzi baten ondoren, Urbagestión ados agertu zen errenta hobaridun bat ezartzearekin. Merkatuko prezioaren % 40 eta % 50 arteko hobariaz hitz egin zutela zehazten du. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X