OSASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Honelakoa izango da gripearen aurkako txertaketa kanpaina

Datorren astelehenean, irailaren 28an hasiko da txertaketa adinekoen egoitzetan eta sei urte arteko haurren artean. Urriaren 5ean gainontzeko herritarrentzat zabalduko da. Aurten, berritasun gisa, txertogune berriak irekiko dira aurretiko hitzordurik gabe txertoa jartzeko. 

gripe vacuna

Erizain bat gripearen aurkako txertoa jartzen. Argazkia: Irekia

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina datorren astelehenean, irailaren 28an, abiatuko du Osakidetzak Euskal Autonomia Erkidegoan. Txertaketa adinekoen egoitzetan eta sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrengan hasiko da. Urriaren 5etik aurrera, txertoa gainerako herritarrei zabalduko zaie. 

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gripearen aurkako txertaketa kanpainaren ildo nagusiak aletu ditu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Aurten, lehentasun argi batekin jarriko da abian kanpaina: pertsona zaurgarriak ahalik eta lasterren babestea eta txertaketa erraztea.

Aurten, berritasun gisa, txertogune berriak irekiko dira aurretiko hitzordurik gabe txertoa jartzeko. 

Hitzordurik gabe txertogune berriak

Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, erreferentziazko hiru txertogune zabalduko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta astelehenetik igandera egongo dira zabalik (08:00etatik 20:00etara). Hauek dira: San Martingo EAG, Araban; Bilboko Saenz Buruaga Osasun Zentroa, Bizkaian; eta Donostiako Groseko Osasun Zentroa, Gipuzkoan.

Gainera, beste txertogune batzuk zabalduko dira hiru lurraldeetako hainbat herritan. Txertogune horiek astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 15:00etatik 20:00etara. Bizkaian, honako hauek irekiko dira: San Eloy Ospitalea, Barakaldo-Sestaoko ESIan; Errepelegako Anbulatorioa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan; Zornotzako Osasun Zentroa, Barrualde-Galdakaoko ESIan; eta Mungiako EAG, Uribeko ESIan.

Gipuzkoan, honako gune hauek egongo dira: Irungo Erdialdeko Anbulatorioa, Bidasoako ESIan; Eibarko Torrekuako Osasun Zentroa, Debabarreneko ESIan; Arrasateko Osasun Zentroa, Debagoieneko ESIan; Tolosako Osasun Zentroa, Tolosaldeko ESIan; eta Beasaingo EAG, Goierri-Urola Garaiko ESIan. 

Arabako Errioxako ESIan, ohiko zentroetako agendak indartuko dira, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.

Nola eskatu daiteke aurretiazko hitzordua?

Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzordua hartzeko ohiko sistemak mantenduko dituzte, herritarrek txertoa beren osasun-zentroan jarri ahal izan dezaten. Horri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabalduko diren txertoguneak gehitu behar zaizkio. 

Martinez sailburuak hitzordua eskatzera eta birusaren zirkulazioak gora egin aurretik seme-alabak babestera animatu ditu familiak. Haurren txertaketa Osakidetzak gaitutako kanalen bidez kudeatu ahal izango da, dagokion osasun zentroan eta aurretiko hitzordurako zerbitzuen bidez.

Arrisku faktoreak dituzten adin txikikoen kasuan, familiek txertoa jartzeko jarraibidearen eta baldintza espezifikoen inguruko kontsulta egin beharko dute beren osasun zentroan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X