30 pertsona inguru bizi ziren okupatutako pabilioi bat hustu dute Donostian
Ertzaintzaren jarduera istilurik eta gorabeherarik gabe amaitu da, barruan zeuden pertsonak euren kabuz atera direlako kaleratze agindua gauzatu baino lehen.
Herrerako pabiloi okupatuetako bat, Donostian. Argazkia: EITB
Donostiako Herrera auzoko pabilioi okupatuetako batean bizi ziren 30 pertsona inguru etxegabetu dituzte, gaur goizean kaleratze agindua bete egin baita. Ertzaintzaren jarduna istilurik gabe amaitu da, barruan zeuden pertsonak goizaldean euren kabuz atera direlako kaleratze agindua gauzatu baino lehen. Ondoren, eraikina zigilatu dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ertzainak 08:00etarako joan dira, eta 09:00etan, segizio judiziala agertu denerako, ez zegoen inor barruan Jolastokieta kaleko 4. zenbakian.
10:00etan amaitu da operazioa, batere istilurik gabe eta ertzainek ez dute inor identifikatu.
Herritarron Harrera Sareak deituta, hainbat lagun babesa ematera bertaratu dira. Salatu dutenez, atzo jaso zuten kaleratze agindua eta boluntarioek jakinarazi behar izan diete 30 gazte horiei gaur kaleratu egingo zituztela. Halaber, kale gorrian gelditu direla eta ez dietela bizitegi alternatibarik eskaini nabarmendu dute.