Albiste dira
GIPUZKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Egoera kontrolpean" Orion itsasontzi batek su hartu ondoren

Oraingoz ez dute erregai isuririk atzeman. Orioko Udalak jakinarazi duenez, "datozen egunetan prebentzio- eta babes-neurriak mantenduko dira, ingurunea zaintzeko eta balizko isurketak saihesteko". 

Iragarkia
18:00 - 20:00

 "Gure Gaskuña" arrantza-ontziak Orion su hartu ondoren sortutako egoera "kontrolpean" dago, Orioko Udalak ostiral honetan jakinarazi duenez. Hala ere, datozen egunetan "prebentzio- eta babes-neurriak mantenduko dira, ingurunea zaintzeko eta balizko isurketak saihesteko".

Osasun Sailak zabaldutako gomendioari jarraituz, ez da gomendatzen hondartzan eta ontzia dagoen errio inguruan bainatzea. "Gomendio hau prebentzio-neurri gisa ezarri da, egoeraren bilakaera eta ingurumen-baldintzak aintzat hartuta", gaineratu dute Udaletik. 

Astelehenetik aurrera, ontzia berriz flotatzeko lanak hastea aurreikusten dute. Lan horiek irauten duten bitartean, ingurunea babesteko eta balizko isurketak prebenitzeko beharrezko neurriak hartzen jarraituko du Udalak. 

Segurtasun-arrazoiak direla eta, ontzia dagoen eremurako sarbidea itxita egongo da. Horrenbestez, Udalak herritarrei eskatzen die eremu horretara ez hurbiltzeko eta ezarritako segurtasun-neurriak errespetatzeko.

Itsasoko kutsadura alerta aktibatu dute Orion

Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren (Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia) alerta-fasea ezarri du. Neurri horri esker, ontzia berriro ur azalera ateratzeko aurreikusitako lanen jarraipena egin ahal izango da.

Ontzia okertu egin zen itzaltze-lanetan, eta erdi hondoratuta dago. Sua erabat itzali ondoren, ontzia berriro ur azalera atera beharko dute. Lan horren aurrean, eta deposituetan oraindik erregaia duela kontuan hartuta, 70.000 eta 80.000 litro gasoleo artean, Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta-fasea aktibatu du.

Itsas Salbamenduak berri eman duenez, oraingoz ez da erregai isuririk atzeman. 

Behin sua erabat itzalita, ontzia erretiratzeko eta barruan dagoen erregaia ateratzeko plana aurkeztu beharko die armadoreak agintariei. Lau egun ditu horretarako. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X