BILBOKO METROA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zortzi kilo baino gehiagoko txakurrek Metro Bilbaon bidaiatu ahal izango dute, baina mugak izango dituzte

Txakurrek ezin izango dute puntako orduetan metroa erabili, ezta asteburuetako gaueko ordutegian edota pilaketa-egoeretan ere. Gainera, 8 kilo baino gehiagokoek muturrekoa eta luzagarria ez den uhala izan beharko dute.

CORONAVIRUS KORONABIRUSA TXAKURRAK DONOSTIA EFE
8 kilotik gorako txakurrek Metro Bilbaon bidaiatu ahal izango dute. Argazkia: EITB.

8 kilotik gorako txakurrek Metro Bilbaon bidaiatu ahal izango dute datorren urriaren 15etik aurrera, ordutegi-mugekin.  Horrela, ezingo dute metroa erabili lanegunetako puntako orduetan (07:00etatik 10:00etara, 13:00etatik 16:00etara eta 18:00etatik 20:00etara). 

Halaber, ezingo dute metroa erabili ostiral eta larunbatetako gaueko ordutegian, ezta pilaketa edo mugikortasun handiko egoeretan ere (San Mamesen partida dagoenean, Aste Nagusian, San Tomasen...). 

Ez dira baldintza bakarrak: 8 kilotik gorako txakurrek muturrekoarekin eta 50 zentimetroko luzera gainditzen ez duen uhalarekin bidaiatu beharko baitute. Era berean, ezin izango dute tren bakoitzeko lehen edo azken autoan bidaiatu, mugikortasun urriko pertsonentzat eta haurtxoen aulkientzat erreserbatuta baitaude.

Metroan sartzeari dagokionez, 8 kilotik gorako txakurrek ezin izango dituzte eskailera mekanikoak edo korridore gurpildunak erabili. Igogailuak erabili ahal izango dituzte, baina ohiko lehentasun-ordena errespetatuz eta gainerako bidaiariei eragozpenik sortzen ez badiete.

Metro Bilbaoko barne-araudia aldatzeak aukera emango die pertsonei animalia bakarrarekin joateko (txakurra, katua, hudoa edo beste animalia txiki batzuk), betiere baldintza egokietan bidaiatzen badute eta gogaikarria edo arriskutsua ez bada.

Ildo horretan, debekatuta dago arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak sartzea, bai eta izaera exotikoa duen beste edozein animalia ere (narrastiak, armiarmak, intsektuak...). Baldintza berriak ez zaizkie aplikatzen laguntza-txakurrei, ezta 8 kilo baino gutxiagokoei ere, eta orain arte bezala bidaiatzen jarraituko dute.

Metro Bilbaok liburuxka informatibo bat argitaratuko du, bezeroek baldintza berriak ezagutu ditzaten.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X