Leihoak ixteko eskatu dute Orion eta Aian, Orioko barran itsasontzi batek su hartu du eta
Sutearen ondorioz, bi pertsona Donostia Ospitalera eraman dituzte eta beste bat Orioko anbulatorioan artatu dute.
Orioko barraren aurrean, kofradia parean geldirik zegoen itsasontzi batek su hartu du, eta, ondorioz, bi pertsona ospitaleratu dituzte eta beste bat Orioko anbulatorioan artatu dute, hirurak ere kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Sua itzaltzeko lanean jarraitzen dute eta Orioko eta Aiako bizilagunei leihoak ixteko eskatu diete, kea dela eta.
Sutea 11:45ak aldera piztu da, argitzeke dauden arrazoiengatik, eta kea berehala zabaldu da herrigunera.
Berehala suhiltzaileak, ertzainak eta larrialdi zerbitzuak Orioko barrara bertaratu dira.
14:30ean oraindik suhiltzaileak garrak itzaltzeko lanean ari ziren.
Leihoak ixteko eskatu dute Orion eta Aian
Larrialdi zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak leihoak ixteko eskatu diete Orioko eta Aiako herritarrei, "keak eragin ditzakeen kalteak saihesteko".
Ondarroako itsasontzia
Su hartu duen itsasontzia Ondarroako alturako ontzi bat da, Gure Gaskuña, hain zuzen ere. Egun batzuk zeramatzan geldirik, itxuraz, konponketa lanak egiteko.