Erosketa saskia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAE eta Nafarroa, erosketa egiteko erkidego garestienen artean

OCU kontsumitzaile elkarteak supermerkatuei buruz egin duen ikerketaren arabera, Getxok dauka Estatuko erosketa-saskirik garestiena. Supermerkatu garestienen eta merkeenen zerrendak ere argitaratu ditu.
Supermercado

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira erosketa-saskia garestien duten Estatuko erkidegoetako bi, OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera. Kantabrian soilik aurkitu ditu prezio altuagoak. Herriei dagokinean, berriz, Getxo dago garestienen zerrendako buru. 

OCU kontsumitzaileen elkarteak supermerkatuetako prezioen bilakaerari buruzko urteroko txostena argitaratu du ostiral honetan. Estatu mailan egin du ikerketa, eta azken urte mugikorrean (2026ko maiatzera arte) erosketa-saskiaren prezioak izan duen bilakaera aztertu du. 

Ikerketaren arabera, EAEk eta Nafarroak koxka bat egin dute gora 2025eko datuekin alderatuta. Aurten bigarren postuan ageri dira -Kantabria soilik da garestiagoa-, baina Gaztela-Mantxa, Errioxa, Katalunia eta Gaztela eta Leonekin berdinduta ageri dira. Hego Euskal Herrian erosketa egitea Estatuko erkidego merkeenetan (Valentzia eta Murtzia) baino % 4 garestiagoa da.

Herriz herri begiratuta, beste behin ere, Getxo da estatuko garestiena erosketa egiteko, Madrilgo Pozuelo de Alarcon eta Majadahondarekin eta Bartzelonako Cerdanyola del Vallesekin batera.   

Txostenean Estatu mailako hainbat datu orokor ere eskaini ditu OCUk. Etxebizitza bakoitzak urtean 6.602 euroko gastua egiten du batez beste supermerkatuan, 2025ean baino 342 euro (% 5,18) gehiago. Igoera 2025ekoa baino apalagoa izan arren, OCUk ohartarazi du azterketa egin zenean, Iraneko gerraren ondorioak supermerkatuetara iritsi gabe zeudela eta, harrez gero, prezioek gehiago egin dutela gora. 

Aztertutako epean elikagaiak izan dira gehien garestitu direnak; % 4,7. Kategoria horren barruan frutak eta barazkiak % 3,5 igo dira, haragia % 3,7 eta arraina % 8,6.

Supermerkatu garestienak eta merkeenak

Hala ere, kontsumitzaileen elkartearen arabera, supermerkatu batetik bestela alde handia dago. Aukeratzen dugun supermerkatu katearen arabera, % 20 aurreztu daitekeela baiztatzen du eta supermerkatu merkeenen eta garestienen zerrendak argitaratu ditu. EAEn eta Nafarroan dendak dituztenen artean, hauek dira merkeenak ikerketaren arabera:

  • Family Cash
  • Alcampo
  • Supeco
  • Lidl
  • Mercadona
  • Aldi

Garestienetan, berriz, bi hauek aipatzen ditu:

  • El Corte Inglés
  • Supercor

Horrez gainera, Estatuan aritzen diren 28 supermerkatu kateetatik zortzik prezioak jaitsi dituztela azpimarratu du kontsumitzaileen elkarteak. Jaitsiera handiena egin dutenen artean daude:

  • Carrefour Market (% 2,7)
  • Lidl (% 1,9)
  • Mercadona (% 1,8) 
  • Aldi (% 1,4)

Kontrako aldean dago BM Supermercados katea. Prezioak gehien igo dituen supermerkatu sarea da, % 5,1 hain zuzen ere. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X