LAN GATAZKA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute urriaren 10ean

LABek deitu du protesta, eta erkidegoan sektoreko lehen hitzarmena sinatzea du helburu. EAEn lau lanuzte egin dituzte, helburu bertsuekin. 

LABek deitu du mobilizazioa urriaren 10ean
Ikuskizunen eta ekitaldien sektore teknikoko profesionalak prentsaurrekoan. Argazkia: @LABsindikatua

LABek grebara deitu ditu Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariak urriaren 10erako. Lanuzteak patronala estutu nahi du sektoreko lehen hitzarmen autonomikoa sinatzeko, eta aldarrikapenei entzungor eginez gero, greba gehiago deitzeko prest agertu da sindikatua. 

Egun horretan lau elkarretaratze egingo dituzte Iruñeko hainbat lekutan: 11:00etan, Nafarroako Jauregiaren aurrean; 12:00etan, Baluarte parean; 18:30ean, Gayarre antzokiaren aurrean, eta 20:00etan, Baluarten.

Iruñean egindako prentsaurreko batean azaldu dutenez, bost urte igaro dira sektoreak bere lehen greba egin zuenetik, eta bi urte daramatzate hitzarmena negoziatzen, aurrerapenik gabe. Hala, mobilizazioei berriro heltzea ebatzi dute, eta patronalaren jarrera "onartezina" dela salatu. 

Azaldu dute patronalak ez diela erantzun langileen ordezkari sindikalek egindako bilera eskaerei. "Isiltasuna ez da erantzun bat, eta negoziatzeko borondate ezak ondorioak ditu", ohartarazi dute. 

Sindikatuaren esanetan, sektoreko profesionalek ekitaldi eta jarduera kulturalak egunero aurrera ateratzea posible egiten dute. “Muntaia, desmuntaia, eszenatoki, talde tekniko eta lanaldi bakoitzaren atzean lan baldintza duinak eta egonkorrak merezi dituzten langileak daude", nabarmendu dute. LABek % 100aren ordezkaritza du ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien alorrean. 

Aurretik ere izan dira grebak arlo honetan. EAEn, intersindikalak deituta, lau lanuzte egin dituzte teknikariek, hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Lehen greba maiatzaren 15ean egin zuten, eta abuztuan, beste hiru, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginda. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X