ZIENTZIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sei Nobel saridunek parte hartuko dute Passion for Knowledge jaialdian, pasio zientifikoa herritarren artean barreiatzeko asmoz

Aste osoan zehar, mundu mailan erreferentzia diren zientzialarien hitzaldiak izango dira, eta horien artean izango da Marcus du Sautoy, munduko zientzia-dibulgatzaile ezagunenetako bat. Ekitaldia ikusgai izango da, zuzenean, ETB ONen. 

Passion for Knowledge. Argazkia: Passion for Knowledge

Sei Nobel saridunek parte hartuko dute aurten Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatzen duen Passion for Knowledge zientzia dibulgazioko jaialdian. Ekitaldiaren seigarren edizioa irailaren 28tik urriaren 3ra egingo da Donostian eta Bilbon. ETB ONen jarraitu ahal izango dira jardunaldi guztiak.

Ezagutza herritarrei hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta zientzia kulturaren funtsezko zati gisa aldarrikatzea helburu duen ekitaldiaren programak jarduera ugari biltzen ditu. Besteak beste, Donostiako Victoria Eugenia antzokian hitzaldiak emango dituzte mundu mailako erreferentziazko zientzialariek.

Horien artean Fisikako Nobel saridun batzuk daude, hala nola Anne L'Huillier, attosegundoen zientziaren aitzindarietako bat; Brian Schmidt, unibertsoaren hedapen bizkorra deskubritzeagatik ezagun egin zen zientzialaria; eta Wolfgang Ketterle, Bose-Einsteinen kondentsazioa gas batean lehen aldiz atzeman eta materiaren egoera berri bat deskubritu zuen zientzialaria.

Era berean, hitzaldi horietan parte hartuko dute Marcus du Sautoyk, munduko zientzia dibulgatzaile ezagunenetako batek, matematikek guztiari forma nola ematen dioten aztertzen duenak. Gainera, Siri Hustvedt idazleak ere parte hartuko du, 2019an Letren Asturiasko Printzesa Saria jaso zuenak, literatura, neurozientzia, filosofia eta psikologia uztartzen dituenak.

Elkarrizketa formatuan, Jean-Marie Lehn Kimikako Nobel saridunak eta Pedro Miguel Etxenikek Ilustrazioaren balioez eta pentsamendu kritikoaren garrantziaz hitz egingo dute.

Aurten jaialdiak espazio berri bat estreinatuko du, Ahots Berriak. Horretan, zientziaren eta dibulgazioaren erreferente garaikideek erronka handiei buruzko begirada berriak plazaratuko dituzte.

Maria Martinon-Torres paleoantropologoak, Roman Orus fisikari teorikoak eta Eduardo Saenz de Cabezon matematikari eta dibulgatzaileak hartuko dute parte atal berri horretan.

Emakumeak Zientzian elkartearekin lankidetzan, jaialdiak jardunaldi bat hartuko du osasun mentalari buruz egiteko, emakumeek beren ibilbide zientifikoan zehar pairatzen dituzten desberdinkeria jokabideei eta zailtasunei arreta berezia eskaintzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X