Martxan da gripearen aurkako txertaketa kanpaina EAEn, adinekoen egoitzetan eta 5 urte arteko umeen artean
Urriaren 5ean gainontzeko herritarrentzat zabalduko da. Aurten, txertogune berriak irekiko dituzte aurretiko hitzordurik gabe txertoa jartzeko.
Txertaketa. Foto: EFE
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina gaur hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Adinekoen egoitzetan eta bost hilabete eta sei urte arteko haurren artean abiatuko da kanpaina. Urriaren 5etik aurrera, txertoa gainerako herritarrei zabalduko zaie. Ostegunean azalduko dute zehatzago.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azken kontrol saioan eman zituen ezagutzera gripearen aurkako txertaketa kanpainaren ildo nagusiak. Pertsona zaurgarriak ahalik eta lasterren babestea eta txertaketa erraztea da aurtengo kanpainaren helburu nagusia.
Berritasun gisa, txertogune berriak irekiko dituzte hiru lurralde historikoetan aurretiko hitzordurik gabe txertoa jartzeko. Astelehenetik igandera egongo dira zabalik (08:00etatik 20:00etara). Hauek dira: San Martingo EAG, Araban; Bilboko Saenz Buruaga Osasun Zentroa, Bizkaian; eta Donostiako Groseko Osasun Zentroa, Gipuzkoan.
Gainera, beste txertogune batzuk zabalduko dituzte hiru lurraldeetako hainbat herritan. Txertogune horiek astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 15:00etatik 20:00etara. Bizkaian, honako hauek irekiko dira: San Eloy Ospitalea, Barakaldo-Sestaoko ESIan; Errepelegako Anbulatorioa, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan; Zornotzako Osasun Zentroa, Barrualde-Galdakaoko ESIan; eta Mungiako EAG, Uribeko ESIan.
Gipuzkoan, honako gune hauek egongo dira: Irungo Erdialdeko Anbulatorioa, Bidasoko ESIan; Eibarko Torrekuako Osasun Zentroa, Debabarreneko ESIan; Arrasateko Osasun Zentroa, Debagoieneko ESIan; Tolosako Osasun Zentroa, Tolosaldeko ESIan; eta Beasaingo EAG, Goierri-Urola Garaiko ESIan.
Arabako Errioxako ESIan, ohiko zentroetako agendak indartuko dira, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara.
Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzordua hartzeko ohiko sistemei eutsiko diete, herritarrek txertoa beren osasun-zentroan jarri ahal izan dezaten.