Maizterren sindikatuak esan du Solen kanpatuta jarraituko duela Espainiako Gobernuak etxegabetzeen kontrako dekretua onartu arte
Sindikatuaren ustez, dekretuak "alokairu kontratu mugagabeak" arautu egin behar ditu. Aldarrikapenok aintzat hartu ezean, protesta beste hiri batzuetara zabalduko dutela hitzeman due.
Atzo Madrilgo Puerta del Sol plazan abiatutako kanpaldiari eutsi egingo diola nabarmendu du gaur, igandearekin, maizterren sindikatuak. Alicia del Rio sindikatuaren bozeramaileak adierazi du han izango dira Espainiako Gobernuak "Maricarmen dekretua” onartu arte. Gizarteak ez ezik, alderdi politikoek ere dezente estutu dute Sanchez presidentea.
Maricarmenen etxegabetzea salatzeko Madrilen egindako manifestazioaren ostean, 300 bat lagunek gaua Solen egin dute; eguerdirako, 500 bat ziren. Lasai joan dira lehen orduak, eta bildutakoek argi dute helburua: Espainiako Gobernuak asteartean onartzea etxebizitza eskubidea arautzeko eta etxegabetzeak debekatzeko dekretua.
Besteak beste, “alokairu kontratuak mugagabe” bihurtzea galdegin dute, “Maricarmen gehiagorik egon ez dadin”.
Kanpaldia M15arekin lotu dute zenbaitzuek, baina Del Riok azpimarratu du euren protestak "helburu zehatzak" dituela, ez dela "mobilizazio mugagabea". Bi eskakizun dituzte: "Maricarmen dekretua" izenekoa lehenbailehen onartzea eta etxebizitza eredu berri bati buruzko gogoeta abiaraztea, bizitza eta etxebizitza bat edukitzeko eskubidea erdigunean jartzeko.
Sindikatuak jakinarazi duenez, protesta beste hiri batzuetara zabaltzekotan dira.