Esteban, hauteskunde zikloari begira: "Euskadiko eredua dago jokoan"
Jeltzaleek Alderdi Egunaren 50. edizioa ospatu dute Forondan. EAJren EBBko presidenteak iragarri duenez, urriaren 19an ekingo diete udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak aukeratzeko barne prozesuei. Estebanek estu hartu ditu EH Bildu eta sozialistak; lehena, kalkulu "taktikoak" egiteagatik, bigarrena, "euskara hauteskunde arma gisa" erabiltzeagatik.
Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Alderdi Egunaren 50. edizioa ospatu du gaur, ate joka dagoen hauteskunde zikloaren testuinguruan. Hain justu, 2027an izango diren udal, foru zein hauteskunde orokorrek tarte handia izan dute Aitor Esteban EAJren EBBko presidentearen hitzartean. Bozek duten garrantzia azpimarratu du Estebanek, baina nork irabazten duen gorabehera, etorkizuneko "Euskadiren eredua" jokoan dagoela nabarmendu du.
"Alderdia bizi" lelopean, Forondan batu dira jeltzaleak, Aitor Esteban eta Imanol Pradales lehendakaria buru, eta ehunka burukide, EGIkide eta militanteren begiradapean.
Estebanek defendatu du jeltzaleek "argi" dutela euren eredua, "Euskadi eraikitzen jarraitzea" xede duena. Ingurumari horretan, iragarri du udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak aukeratu eta izendatzeko barne prozesua urriaren 19an hasiko dela. Besteak beste, argitzeke dago nortzuk izango diren Arabako eta Gasteizko zerrendaburuak.
Buruzagi jeltzalearen ustez, bi hauteskunde hitzordu izanagatik, "ziklo bakarra dira, herriak erabaki bakarra hartu beharko du: nor nahi duen Euskadiren defentsa kanpoan egiteko, eta nor nahi duen etxe barruan aurrera egiten jarraitzeko".
Horren harira, salatu du Madrilgo logikatik "batzuek eta besteek despistatu nahiko gaituzte, bi alternatiba baino ez daudela esanez: inongo kontrolik ez duen eskuina ala Sanchez. Jakina, badakigu zer den ultraeskuina eta ez zaigu gustatzen", adierazi du. Gainera, ohartarazi du Sanchezek aurrekontuak onartzeko babesa lortzen ez badu, hauteskundeak deitu beharko dituela, eta ezingo duela "legealdia gehiago luzatu".
EAEn, uste du gainerako alderdiak "muturtuta dagoen Euskadi bat marrazten" saiatuko direla, "benetakoa ez den Euskadi bat". Halaber, iragarri du "greba denboraldia" hasiko dela.
Kritikak EH Bilduri eta sozialistei
Otegik "akordio taktikoak lortzeko" egindako eskaintzari buruz mintzatu da Esteban, eta kritikatu egin du koalizio subiranistak hainbat arlotan (etxebizitza, osasuna edo fiskalitatea) itunak egiteari muzin egin izana. Buruzagi jeltzalearen aburuz, EH Bilduk "lirili asko eta lerele gutxi". "Normala taktikaz hitz egitea. Lehenik eta behin, bere kalkuluak, eta gero, lekurik bada, herria", salatu du.
Hori horrela, harrigarria egin zaio Otegik "eredu ilustratua eta zibilizaziokoa" defendatzea, baita "giza eskubideen defentsaren buru eta gidari faxismoaren eta intolerantziaren aurka" aritzea ere. Izan ere, Estebanen arabera, "herri honek pairatu duen intolerantzia eta inposizioa ezkerretik ere etorri da". Ifrentzuan, EAJ "beti" borrokatu da faxismoaren eta intolerantziaren kontra, "baina inoiz ez bere metodoak erabiliz".
Alderdi Sozialista ere estu hartu du buruzagi jeltzaleak, batez ere euskararen inguruan izan duen jarrera tarteko. "Euskara oztopo moduko bat dela diote, gure gizartearentzat beharrezkoa ez den zama bat, eta lehentasunik ez duen zerbait", salatu du. Horren aburuz, "euskaldun batek ezin du euskara oztopotzat hartu". Hala, euskara "hauteskunde arma gisa" erabiltzea gaitzetsi du, eta Chivitek bere hitzaldian 'egun on' besterik ez esatea deitoratu du.
Bestalde, PP "galduta" ikusten duela aitortu du Estebanek, eta PSOErekin batera, "polarizazioaren soka tenkatzen" aritzea leporatu dio Ceutako krisia dela eta.
Bestalde, Imanol Pradales lehendakariak "azken 50 urtetan Euskadik bizi duen eraldaketa" azpimarratu du, eta Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkulluren lana goraipatu. Pradalesek esker oneko hitzak eskaini dizkie guztiei, "erakunde sendoak eta bizi-kalitatea" dituen Euskadi eraikitzen laguntzeagatik.
Horrez gain, Gernikako Estatutua ez betetzearen auziaz aritu da, eta Sanchez presidenteari "emandako hitza" betetzeko dei egin dio: "Autogobernua ez da trukerako txanpon bat, autogobernuarekin ez da jokatzen (...) Ez diogu inoiz gure etxea gobernatzeko eskubideari muzin egingo", ohartarazi dio.
EAJk 1977an Aralarren egin zen lehen Alderdi Egunean izan zirenak omendu ditu 50. edizioan, eta etorkizuneko alderdikideei ere keinua egin die, 100. Alderdi Egunean zabalduko kapsula bat lurperatu baitute Forondak zelaietan. Kutxan sartu dituzte Ikurrina bat, irailaren 27ko egunkari bat eta 2076an irakurriko duten mezu bat. Ekitaldia mosaiko erraldoi bat osatuz bukatu dute jeltzaleek.