PISAren eztabaida euskararen aurka erabiltzearen arriskuaz ohartarazi du lehendakariak
PISA txostenaren emaitzak eta D eredua izan dira eztabaidagai nagusia Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Ikasleen errendimendu akademiko baxua gainditzeko konponbideak eskatu dizkio oposizioak lehendakariari; Imanol Pradalesek hezkuntza sistema eta euskara defendatuz erantzun die.
Imanol Pradales lehendakaria Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakariak PISA txostenaren emaitza txarrak eta D eredua lotzen dituzten diskurtsoez ohartarazi du: "Kontuz ibili eztabaida hau euskararen eta hezkuntza ereduaren aurka egiteko aprobetxatu nahi dutenei jokoa egitearekin".
PISA txostenaren emaitzak eta D eredua ezbaidagai izan dira Eusko Legebiltzarreko kontrol saiona. Oposizioko talde guztiek lehendakariari eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari gaiaren inguruan galdetu diete.
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak Hezkuntza Akordioa berrartzeko eskatu dio Pradalesi, eta hezkuntza-eragileak, adituak eta alderdi politikoak bilduko dituen mahai bat osatzea proposatu du. “Lehendakariak Hezkuntza Mahaiaren buru izan beharko luke, agenda bati ekiteko, azterketa bat egiteko eta dagozkion erabakiak hartzeko”, esan du.
Lehendakariak ez du eskaintza onartu, eta EH Bilduri dei egin dio gai honen inguruan dauden foroetan parte har dezan eta proposamenak egin ditzan, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordea barne. "Ezin da orain arte egindako lana gutxietsi eta etenaldi botoi bat sakatu", adierazi du.
Otxandianok kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak esan izana ez dakiela hezkuntzako emaitza txarren "arazoa" euskarazko hizkuntza-murgiltze eredua ote den. "Gobernu batek ezin du horrelakorik esan, datuak izan beharko lituzkeelako zerk funtzionatzen duen eta zerk ez esan ahal izateko", adierazi du.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak gogorarazi du duela 20 urte zenbait txostenek ziurtatu zutela emaitza akademiko hobeak ematen direla ama hizkuntzan ikasten denean, eta pantailen erabileran ez zentratzeko eta kausen errealitatea ez ezkutatzeko eskatu dio lehendakariari. Bere proiektu ideologikoak, EAJrenak, "porrot egin duela", esan dio.
Pradalesek hezkuntza hizkuntzarekin erlazionatzea leporatu dio PPri, eta Euskadi gizarte elebiduna dela, eta familiek seme-alabek zein eredutan ikasten duten "askatasunez" aukeratzen dutela gogoratu dio PPren ordezkariari.
Euskarak emaitza akademikoetan duen eraginaz ere mintzatu da Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea, eta ama hizkuntzan ikasteko beharra defendatu du.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gogorarazi dio euskara eta gaztelania Euskadiko bi hizkuntza ofizialak direla, eta helburua ikasleek bi hizkuntzak menperatzea dela, 149 nazionalitateko haurrak dituen sistema batean.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak hezkuntza sistema "segregatuenetako" bat izatea aurpegiratu dio Jaurlaritzari. Gaineratu du bere politikek "porrot" egin dutela, eta erantzukizun politikoa "lehen pertsonan" hartzeko eskatu dio lehendakariari.
Pedrosa sailburua datorren astelehenean Parisen ELGAko arduradunekin bilduko dela iragarri du lehendakariak.