Bazkideek "anbizio" eta "egonkortasun" handiagoa eskatu diote Chiviteri, eta oposizioak presidentearen gestioa kritikatu du
EH Bilduk "erantzun konstruktiboak" galdegin dizkio Nafarroako presidenteari, eta Geroa Baik koalizio gobernuaren balantze positiboa egin du, nahiz eta egindakoa nahikoa iruditu ez zaion. UPNk, bestalde, ustelkeriaren gaia eta EH Bildurekin PSNk egindako itunak izan ditu ardatz, eta PPk argi utzi du Nafarroa "okerragoa" dela Chivite dagoenetik.
Maria Chivite Nafarraoko presidenteak ireki du gaur Foru Komunitatearen egoerari buruz Parlamentuan egiten ari diren eztabaida, eta gainerako talde parlamentarioen hitzarteak izan dira horren ondoren.
UPNk Chiviteri egotzi dio "ustelkeriaren itzala egonkortu izana"
UPNren presidente Javier Esparza izan da berba egiten lehenengoa. Nafarroako presidentearen aurka gogor aritu da. Alde batetik, egotzi dio "ustelkeriaren itzala, publikoaren kudeaketaren porrota eta Nafarroako erkidegoaren gainbehera" sustatu izana. Bortitz kritikatu du, halaber, Santos Cerdanen itzalari esker dagoela Gobernua "lotuta".
"Santos Cerdanek diseinatutako operazio politiko bati esker heldu zinen Presidentetzara, hots, ustelkeriagatik ikertzen ari diren gizabanako bati esker. Hori gutxi balitz, EH Bilduk eusten du zuen Gobernua, ETAko kide izateagatik zigortutako Arnaldo Otegi buru duen koalizioak", aurpegiratu dio.
Hazkunde ekonomikoa, enplegu duina eta eskubide gehiago eskatu ditu PSNk
Presidentearen ildo beretik egin du PSNren bozeramaile Ainhoa Unzuk. Nafarroaren etorkizuna ahotan, "hazkunde ekonomikoa, enplegu duina eta eskubide gehiago" eskatu ditu.
Horren iritzian, bi eredu sozial ditu Nafarroak: aurrerakoia eta UPNrena.
Esparzak Chiviteri egindako eraso larria bazter utzita, zerbitzu publikoen aldeko defentsa eginez jarraitu du diskurtsoa. "Gure benetako altxorra babesten jarraituko dugu, eta jakin badakigu zerbitzu publikoak hobetu egin behar ditugula; osasun arloan, adibidez", erantsi du.
EH Bilduk "erantzun konstruktiboak" galdegin ditu
EH Bilduren eledun eta Presidentetzarako hautagai Laura Aznalek adierazi du ikasturte eta hauteskunde aro "bizia" datorrela. "Gehiengo zabalak eraikitzen jarraitu behar dugu, bloke atzerakoiari —PP, Vox eta UPN— bidea ixteko", esan du.
"Iristear dauden garai ilunen aurrean, gogoa eta erantzun konstruktiboak behar ditugu; itxaropena, baina katastrofismoan erori gabe", iritzi dio.
"Gehiengo aurrerakoi bat dugu Nafarroan. Etorkizuna gaur hasten da. Orain arte egin ez dena egiteko ordua da. Hauteskunde ziklo luze batean sartzear gaude, eta gaizki badoa, atzera egin dezakegu. Eustea ez da nahikoa, ekiteko ordua da, garai zaila bizi dugulako, eta aldaketa handiak hel daitezkeelako. Erantzukizun kolektiboa behar dugu", defendatu du.
Geroa Bai: "Nafarroak zer nahi duen erabaki behar du"
Geroa Bairen txandan, taldearen eledun Pablo Azconak konfiantza eskatu du "heltzear dagoen agertokiaren aurrean". "Nafarroak zer izan nahi duen erabaki behar du", adierazi du.
"Nafarroa askotariko" baten alde egin du, bestalde. "Autogobernua baliatu behar dugu dibertsitate hori bermatzeko. Nafarroa ezin da egunez egunekoa kudeatzera mugatu, zer izan nahi duen erabaki behar du. Lurralde sendo bat nahi dugu, zerbitzu publiko irmoak eta dibertsitate kulturala dituena", iritzi dio.
Era berean, azpimarratu du Madrilen ez dituztela erabakiak hartuko "gure beharrak aintzat izan gabe".
PPk Chiviteri: "Defendatu egin beharko zenuke Nafarroa"
PPren bozeramaile Javier Garciak gogor egin du Chiviteren kontra.
"Sanchezen eta EH Bilduren esanetara zaude, eta Nafarroa defendatu egin beharko zenuke, baina ez duzu defendatzen. Ustelkeriak ardaztu du legealdia. Afera hori argitzeko sortutako batzordea engainu hutsa izan zen. Batzuek terrorismoa zuritzen dute, eta beste batzuek, ustelkeria. Ikusiteko dago Justiziak zer erabakitzen duen, baina hemen erantzukizun politikoak daude, eta zuk ez dituzu zure gain hartu", bukatu du.
"Mafia" deitu die Voxek sozialistei
Voxen eledun Emilio Jimenez Roman ironiaz aritu da bere jardunean, eta sozialistak mafiatzat jo ditu.