Maricarmenen etxegabetzeak are gehiago gaiztotu du Espainiako giro politikoa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak premiazko dekretu bat agindu du horrelako kasuak eragozteko, eta Sumarrek astearteko Ministroen Kontseiluan etxebizitza desjabetzea agintzea eskatu dio.
Maricarmenen etxegabetzea. Argazkia: EFE
Maricarmen adineko emakumea Madrilen bizi zen etxetik bota izanak sutan jarri du enegarrenez Espainiako politika.
Batzorde judizialak asteazken honetan etxegabetu zuen Maricarmen, desgaitasuna duen 87 urteko emakumea. Madrilgo Alcalde Sainz de Baranda kaleko etxebizitza batean bizi zen, eta protestariak etxegabetzea eragozten saiatu ziren arren, Espainiako Poliziak epailearen agindua bete egin zuen.
Zazpi ordu baino gehiago iraun zuen polizia operazioak, eta laurogei urtetik gorako emakumea arratsaldeko ordu batean atera zuten kalera, ohatilan, Gregorio Marañon ospitalerako bidean, bere osasun-egoera aztertzeko.
New Yorketik, NBEren Batzar Nagusiaren testuinguruan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak horrelako egoerak saihesteko dekretu bat iragarri du. Horrelakoak "tragedia soziala" direla esan, eta Madrilgo Udalari eta Erkidegoko Gobernuari leporatu die funts putreei horrelakoak egiteko baimena ematea.
Sumarrek, bere aldetik, etxebizitzaren lege-dekretua datorren astearteko Ministroen Kontseilura eramatea eskatu zion, eta beharrezkoa balitz, Maricarmenen etxebizitza desjabetzea agintzea.
Herritar zaurgarriak etxegabetzeen aurrean babesten zituen dekretuaren luzapena idargabetu egin zuten joan den otsailean PPk, Voxek eta Juntsek.
Sanchezen ustez, "premiazkoa" da, etxegabetze horrek dakarren tragedia soziala konpontzeko ez ezik, etxebizitzaren arazoari erdiz erdi heltzeko ere lege bat onartzea.
Protestak, Ayusoren atikoaren aurrean
Erreakzio-kate hori gertatu bitartean, milaka pertsona bildu dira polemika iturri den eta Madrilgo Erkidegoak erosi zuen atikoaren aurrean. Protestariek etxebizitza hori Maricarmeni ematea eskatu dute.