Jaurlaritzak adierazi du adingabeen harrera zentroen sistema "tentsionatuta" dagoela; Garmendia Ceutako haurrak hartzearen alde dago
Jaurlaritza Gazteria eta Haurtzaro Ministerioarekin bildu zen atzo Ceutako egoera aztertzeko, eta adingabeen harrera sistemaren berri elkarri emateko. Nerea Melgosa sailburuak Espainiako Gobernuari berriz helarazi dio migrazio eskumenak handitzeko beharra.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak migrazio eskumenak handitzeko beharra helarazi dio Espainiako Gazteria eta Haurtzaro Ministerioari, "muturrekotzat" jo duen egoerari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiak Gazteria eta Haurtzaro Ministerioarekin bildu ziren atzo arratsaldean, Ceutako egoera aztertzeko.
Biharamunean, Melgosak atzoko hitzordua baloratu du eta adierazi du "ez zela inongo momentutan" adin txikikoen lekualdaketei buruzko "espedienteez" hitz egin. Arazoa konpontzeko “guztiok eseri eta hitz egiteko” beharra azpimarratu du sailburuak, eta berriz ere Euskadirako alor horretan eskumen handiagoak aldarrikatu ditu.
Sailburuak berretsi du Euskadik gai honetan jarrera "solidarioa" duela, baina adierazi du foru aldundiek kudeatzen dituzten adingabeen harrera-zentroak "oso tentsionatuta" daudela.
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ere atzoko bilera baloratu du, eta esan du espero duela euskal erakundeek Ceutatik datozen adingabe migratzaileak hartzea, "Ukrainako gerraren kasuan" egin zuen moduan.
"Espainiako Gobernuak asko baloratzen ditu Euskadiren harrera-politikak", esan du, eta azpimarratu du larrialdi egoera honen aurrean Euskadik betiko moduan —elkartasunetik eta harreratik— erantzutea espero duela.