NBE-REN BATZARRA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sanchezek gobernu "erreakzionarioei" nazioarteko ordena zapuzten saiatzea egotzi die NBEren batzarrean

Espainiako Gobernuko presidenteak bakearen, eskubide zibilen eta jasangarritasunaren defentsa aldarrikatu du, eta esan du Espainia ez dela "isilduko" politika horien aurrean.
NEW YORK (United States), 23/09/2026.- Prime Minister of Spain Pedro Sánchez (R) speaks during the General Debate of the 81st session of the United Nations General Assembly at United Nations Headquarters in New York, New York, USA, 23 September 2026. (España, Nueva York) EFE/EPA/SARAH YENESEL
Pedro Sanchez, NBEren batzarrean. Argazkia: EFE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alde anitzeko ordenaren printzipioak defendatu ditu NBEren Batzar Nagusian, eta hainbat gobernuren politikak kritikatu ditu, salatu duenez, nazioarteko arauak zalantzan jartzen dituztelako, nazioarteko erakundeen finantzaketa murrizten dutelako eta bakearen, berdintasunaren eta jasangarritasunaren defentsari eraso egiten diotelako.

Sanchezek ez du Donald Trump AEBko presidentea zuzenean aipatu, baina bere kritika gehienak Administrazioak eta beste gobernu batzuek bultzatutako politikei zuzendu dizkie.

"Helburu bakar batekin igotzen naiz tribuna honetara, askok suntsitu nahi dutena defendatzea", adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak hitzaldiaren hasieran. Nazio Batuen sorreraren oinarri izan ziren printzipioak aldarrikatu nahi dituela adierazi du, eta, bere ustez, "hemen dauden hainbat gobernuk mespretxatu eta desegin nahi dute".

Kritikak Trumpen politikei, bera aipatu gabe

Sanchezek ziurtatu du mundua "okerrera" aldatu dela duela zortzi urte Batzar Nagusian egindako lehen hitzalditik, eta arazo nagusien artean kokatu du bakearen, jasangarritasunaren eta aukera-berdintasunaren aldeko apustuaren atzerakada.

Azaldu duenez, gobernu horiek nazioarteko arauak zalantzan jarriz hasi ziren, ondoren betetzeari utzio zioten eta NBE bezalako erakundeei egiten dizkieten ekarpenak murriztu zituzten.

Espainiako Gobernuko presidenteak  azaldu duenez, prozesu hau "planifikatutako eta koordinatutako eraispen" saiakera bat da, "egoismoan, ezjakintasunean eta krudelkerian" oinarritua.

Ohartarazi duenez, indar horiek boterera iritsi dira hainbat lekutan, eta legez kanpoko gerrak abiaraztea, zibilei eraso egitea, ingurumena hondatzea eta "NBEren aurka konspiratzea" leporatu die.

Hala eta guztiz ere, bakea, eskubide zibilak eta natura defendatzeko milioika pertsona mobilizatzeko itxaropenari eusten diola ziurtatu du Sanchezek.

Segurtasun Kontseilua erreformatzea eta IPZ indartzea

Espainiako Gobernuko presidenteak Nazio Batuetan erreformak egitea defendatu du, besteak beste, Segurtasun Kontseilua aldatzea, kide iraunkorren beto eskubidearekin amaitzeko.

Era berean, Nazioarteko Zigor Gortea bezalako erakundeak indartzea eskatu du, nazioarteko arauak urratzen dituztenak ikertu, jazarri eta zigortu ahal izateko.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren agintaldiaren amaieraren aurrean, Sanchezek berriro defendatu du Latinoamerikako emakume batek betetzea postua. Testuinguru horretan, feminismoa aldarrikatu du, munduko aurrerapen-indar nagusietako bat delakoan.

Espainiak Ukrainari eta Gazari buruz duen jarreraren defentsa

Sanchezek gogorarazi du Espainia azken urteetako gerren aurka agertu dela, Ukraina, Libano eta Iran aipatuta, eta gastu militarra BPGren % 5era ez igotzeko erabakia defendatu du. Jarrera horrek Trumpen kritikak eragin ditu.

Halaber, Espainiak Israeli arma-bahimendua ezarri diola eta "Netanyahuk Gazan egiten jarraitzen duen genozidioa ñabardurarik gabe" gaitzetsi duela azpimarratu du.

Nazioarteko lankidetzari dagokionez, adierazi du Espainiak bikoiztu egin duela garapenerako laguntzan egindako inbertsioa, "motozerrari" egotzi dion mundu mailako laguntzaren murrizketarekin alderatuta.

Sanchezen hitzetan, Espainiak ez du "biderik errazena" aukeratu nahi, "biderik bidezkoena" baizik, eta herrialdea kikildu edo amore eman nahi dutenei erantzun die: "Oker daude eta ez gara isilduko".

Espainiako Gobernuko presidenteak hurrengo belaunaldiekiko erantzukizuna eskatu du, eta "mundu baketsuago, jasangarriago eta bidezkoago bat" legatzeko helburua defendatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X