Mendozak eskua luzatu dio oposizioari akordioak bilatzeko bidean aurrera egin ahal izateko
EH Bilduri, baina, egotzi dio, "bere borondatez", gehiengoak hitzartutako itunetatik kanpo geratu dela.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak berretsi du "akordioen legealdia" izan dela, "elkarlanean, proiektu berritzaile eta anbiziotsuak" jarri dituztelako martxan, Gipuzkoak dituen erronkei begira. Testuinguru horretan, oposizioko taldeei eskua luzatu die akordioak lortzeko eta elkarlana indartzeko bidean, "bereziki fiskalitate, jasangarritasun eta politika sozialekin lotutako kontuetan".
Legegintzaldi honetako politika orokorrerako azken eztabaidan egin ditu adierazpenok, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bere hitzartean, Gipuzkoak dituen erronkei "lankidetzaren eta akordioen bidez" aurre egiteko bultzatu dituzten ekimen nagusiak ekarri ditu gogora.
Ahaldun nagusiak azaldu duenez, "azken hamarkadan, Gipuzkoak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu ekonomia eta zaintza arloetan", baina "oraindik lan asko dugu egiteko", azpimarratu du. "Familia eta enpresa batzuk gaizki pasatzen ari dira eta, gainera, abiadura handian aldatzen ari den mundu batean bizi gara", adierazi du.
Bestalde, autogobernuan "aurrera egiteko" beharra nabarmendu du, oraindik bete ez den Gernikako Estatutuaz mintzo, eta EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko estatutu berri baterako harremanak "bide onetik" joango diren esperantza agertu du.
Dena den, EH Bilduri egotzi dio, "bere borondatez", gehiengoak hitzartutako itunetatik kanpo geratu dela.
EH Bilduk Mendozaren "autokonplazentziazko diskurtsoa" kritikatu du
EH Bilduk, Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioko talde nagusiak, iritzi dio politika "kontinuistak" eta "estrategia berririk gabekoak" erabili dituela Mendozak, eta ahaldun nagusiaren "autokonplazentziazko diskurtsoa" kritikatu du, "Gipuzkoa aurrera ez doan lurralde bat" dela iritzita.
Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak modu horretan erantzun dio Mendozari politika orokorreko eztabaidan. Elduaienen hitzetan, Mendozak bere diskurtsoan aurkeztutako plan, proposamen eta azterketez harago, herritarrek ez dute hobekuntzarik igarri, "Gipuzkoa ez delako zaintzen lurralde bihurtu".