Eskuin muturrari aurre egiteko ezberdinen arteko akordio "taktikoa" aldarrikatu du Otegik
EH Bilduko idazkari nagusiak koalizio abertzalearen Konferentzia Politikoan parte hartu du larunbat honetan.
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak "ezberdinen arteko akordioa" lortzeko deia egin du larunbat honetan, "horizonte komuna" eskaintzeko, "modu taktikoan behintzat", eskuin muturrari aurre egiteko. Horren esanetan, “zibilizazioaren aldean eta basakeriari aurre egiteko prest dauden guztiak” batu beharko lirateke horretarako.
Otegik EH Bilduren Konferentzia Politikoan parte hartu du, eta Euskal Herriak aurre egin behar dion "mehatxu autoritarioari" erantzuteko prozesuaz aritu da bere hitzaldian.
"Diagnostikoaz eta etsaiaz ez gabiltza oker", adierazi du Otegik, eta "zibilizazioaren alde dauden guztiei" eskatu die "gutxieneko programa bat adosteko, erreakzioaren aurrean defendatzeko".