Fiskaltzak helegitea jarri du Marisol Iparragirreri bigarren aldiz emandako erdi-askatasuneko erregimenaren aurka
Zubietako espetxeko Tratamendu Batzordeak "aho batez" proposatuta, Jaurlaritzak 100.2 artikulua aplikatu eta erdi-askatsuneko erregimena eman zion presoari bigarren aldiz irailaren 2an.
Marisol Iparragirre, apirilean, Martuteneko espetxean sartzen. Argazkia: Europa Press
Ministerio Fiskalak helegitea jarri du Eusko Jaurlaritzak Marisol Iparragirre Anboto ETAko presoari, espetxe araudiaren 100.2 artikulua aplikatuta, bigarren aldiz emandako erdi-askatasuneko erregimenaren aurka.
Martxoan onartu zioten erregimen irekia lehen aldiz, baina Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Ataleko epaileak baliogabe utzi zuen hilabete geroago, Fiskaltzak errekurtsoa jarri ostean.
Irailaren 2an, Zubietako espetxeko Tratamendu Batzordeak "aho batez" egindako proposamena aintzat hartuta, Jaurlaritzak bigarrenez eman zion erdi-askatasuna preso eskoriatzarrari.
Erregimen horrekin, baimena du espetxetik ateratzeko ordutegi jakin batean, lan boluntarioren bat egitera. Arratsaldean, lo egitera itzuli behar du espetxera, aste barruan eta asteburuetan.
Gaur zabaldutako oharrean, Ministerio Fiskalak dio apiriletik presoaren egoera ez dela ezertan aldatu, eta, beraz, aurrez ezarritako irizpide judizialari eusten diola. Horren hitzetan, ez dago arrazoirik haren egoera berrikusteko.
Halaber, fiskalaren arabera, bi helegiteetan aurkeztu diren argudioak berberak dira; alegia, Iparragirreri erdi-askatasuna emateko 100.2 artikuluan jasotako baldintzak ez direla betetzen, tartean, presoak kalean egin beharreko lan boluntarioarekin lotutakoak.
Hala, auzia Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Ataleko epailearen eskura iritsi da berriro, eta horrek izango du azken hitza.