Segurtasun Sailak Basaurin ertzain baten kontra agertutako pintaketak gaitzetsi ditu
Bingen Zupiriak zuzentzen duen sailak salatu duenez, tankerakoek "iraganeko garaiak gogorarazten dituzte eta demokraziaren eta bizikidetzaren balioen aurka egiten dute zuzenean". Esan sindikatuaren ustez, "muga guztiak gainditu" dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur goizean Basaurin (Bizkaia) ertzain baten aurka agertu diren pintaketak gaitzetsi ditu.
Sailak ohar bidez salatu duenez, "herritarren segurtasuna bermatzeko lanean ari diren Ertzaintzako agenteen aurkako seinalamendu horiek iraganeko garaiak gogorarazten dituzte, eta demokraziaren eta bizikidetzaren balioen aurka egiten dute zuzenean".
Sailak "babesa eta elkartasuna" adierazi die pintaketen jomuga izan den agenteari eta bere gertukoei.
Esan sindikatuaren gaitzespena
Esan sindikatuaren ustez, pintaketa bera eta agenteari leporatutakoa ("trafikatzailea" izatea) "larria eta onartezina da". "Muga guztiak gainditu dituzte", erantsi du.
Ohar bidez, sindikatuak pintaketak irmo gaitzetsi ditu. Horren arabera, "ezin dugu normalizatu ertzain bat izen-abizenez aipatzea, eta ezin da erantzunik gabe geratu".
Esanek uste du pintaketak "arriskuan" jartzen dituela agentea bera, baina baita bere ingurukoak ere. Horren harira, ertzainari babesa erakutsi diote, eta agintariei gertatutakoa "argi eta garbi" gaitzestea eskatu die.
Uda honetan Ertzaintzaren aurkako pintaketak agertu dira Gasteizen eta Getxon.