Manifestazio jendetsua egin dute Madrilen etxegabetzeen kontrako berehalako neurriak eskatzeko
Maizterren Sindikatuak Puerta del Solen akanpatzeko deia egin du manifestazioaren amaieran. Antolatzaileek 'Maricarmen dekretua' delakoa asteartean bertan onartzeko galdegin diote Espainiako Gobernuari; hori egin ezean, exekutiborik "zentzurik ez" duela ohartarazi dute.
Milaka pertsona kalera atera dira arratsaldean Madrilen (300.000 maizterren sindikatuaren arabera eta 25 000.Gobernuaren ordezkaritzaren arabera), etxegabetzeak eta Maricarmen Abascal 87 urteko emakumearen kasua salatzeko manifestazio batean. "Maricarmen gehiagorik ez" lelopean, antolatzaileek presio egin diote Espainiako Gobernuari, asteon 'Maricarmen errege dekretua' deitu dutena onar dezan. Etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak hartu ezean, exekutiboak "zentzurik ez" duela ohartarazi dute.
Madrilgo maizterren sindikatuak deitutako mobilizazioa 18:30ean abiatu da Puerta del Sol plazatik (han du egoitza Madrilgo Gobernuak), Cibeles zeharkatu du (udaletxea bertan dago) eta San Jeronimo kalean bukatuko da, Diputatuen Kongresuaren parean. Izan ere, funts putre batek etxegabetutako Maricarmeni gertatutakoaren ardura hiru gobernuei egotzi die sindikatuak.
Espainiako hiriburuan ez ezik, Estatuko beste 40 bat hiritan ere protestak egin dituzte.
Madrilgo martxara bertaratutakoek etxebizitza krisiaren inguruko kartelak eraman dituzte. Hala nola, honakoak irakur zitezkeen: "Etxebizitza eskubidea prezio justuan", "Alokairuen greba behar da, greba orokorra behar da", "Funts putreak desjabetu" edo "Madril errentatzaileen hilobi izango da".
Manifestazioa abiatu aurretik, Maricarmenek berak etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan jarraitzeko deia egin die herritarrei, eta protestara biltzeko eskatu. Maizterren sindikatuak sare sozialetan partekatutako bideo batean emakumeak aldarrikatu duenez, "denok bat egiten badugu, kontratu mugagabeak lor ditzakegu, lortu nahi duguna lor dezakegu. Hori espero dut zuengandik, eskerrik asko".
"Inflexio-puntua"
Manifestazioan bertan Alicia del Rio Madrilgo maizterren sindikatuko bozeramaileak hartu du hitza. Nabarmendu duenez, Maricarmen auzia "itzulerarik gabeko puntua" izan da Espainiako Estatuko etxebizitzaren aldeko borrokan, eta Espainiako Gobernuari etxegabetzeen kontrako dekretua berehala onartzeko eskatu dio. "Arauak aurrera egiten ez badu, Gobernuak ez du inolako zentzurik eta ez luke jarraitu behar", ohartarazi du.
"Putreek gobernatzen gaituzte (...) Dagoeneko ez dugu onartzen lege errentatzaile hauen pean bizitzea, gutxi batzuen irabaziak gainerakoen biziaren gainetik jartzen dituzte", salatu du Del Riok.
Sindikatuak Madrilgo eta Espainiako gobernuak egin ditu gertatutakoaren erantzule. Horren arabera, Isabel Diaz Ayusoren gobernuak "espekulazioaren paradisu" bihurtu du erkidegoa, eta diru publikoa "luxuzko atikoak" erosteko erabiltzea egotzi dio. Espainiako Gobernuari, aldiz, leporatu dio "Maricarmenen mina PPren aurkako kanpaina alderdikoia" egiteko erabili izana.
"Espekulazioa ezabatu" eta etxebizitzaren egoera iraultzeko, "Maricarmen errege dekretua" delakoa lehenbailehen onartzeko eskatu die sindikatuak talde parlamentarioei. Dekretuak lau funtsezko neurri jasoko ditu: kontratu mugagabeak ezartzea automatikoki berrituz, alokairuen prezioa izoztea, denboraldiko zein gela bakarreko kontratuen "iruzurra" desagerraraztea, eta beste etxerik ez duten pertsonentzat etxegabetzeen luzamenduak onartzea.
Ehunka pertsonak akanpada hasi dute Puerts del Solen
Manifestazioaren amaieran, Puerta del Solen kanpaldia hasteko deialdia egin du sare sozialen bidez maizterren sindikatuak eta ehunka lagunek bat egin dute deialdiarekin.