Asteburuan babes neurriak indartuko dituzte Orio parean su hartu duen itsasontziaren kontura
Ostegunean Orio (Gipuzkoa) parean su hartu zuen arrantza ontziaren harira, ezarritako babes neurriei eustea eta horiek indartzea erabaki dute gertaeran eskumena duten administrazioek. Gaur prebentzio neurri egokiagoak iritsi zaizkie, eta babes sendoagoak jarriko dituzte. Bien bitartean, ez da komeni hondartzan eta itsasadarrean bainua hartzea.
Orioko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Ondarroako "Gure Gaskuña" itsasontziaren egoeraren "jarraipen zorrotza" egiten jarraitzen dute, eta ingurunea zaintzeko eta balizko isurketak saihesteko babes neurriak mantentzea erabaki dute. Hala, baliteke zeuden babes-elementu batzuk kentzea eta berriak jartzea. Udalaren arabera, horrek ez du esan nahi egoerak okerrera egin duenik, "baizik eta beharrezko materiala bertara iristeko denbora behar izan delako".
Osasun Sailak gomendatuta, ezin da hondartzan eta itsasadarrean bainatu, eta debekatuta dago ontzia dagoen eremura hurbiltzea.
Astelehenetik aurrera, ontzia berriz flotatzeko lanak hastea aurreikusten dute. Udalaren arabera, lanok egiteko "prestaketetan" ari dira jada.
Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren (Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia) alerta fasea ezarri du. Izan ere, ontzia okertu egin zen itzaltze lanetan, eta erdi hondoratuta dago. Berriro ur azalera ateratzeko unea delikatua da, deposituetan 70.000 eta 80.000 litro gasolio baitaude. Oraingoz, ez da isuririk atzeman.