Gutxienez asteartera arte ezingo da txorrotako ura edan Arrasaten
Gutxienez asteartera arte, ezingo da iturriko ura edan edo kozinatzeko erabili Arrasaten (Gipuzkoa). Hala jakinarazi du Udalak, herriko deposituan kutsadura arazoak konpontze bidean jarri ostean.
Gorabehera ostegunean gertatu zen Zubillaga auzoan, eta udalerriko hornidura sisteman lokatzarekin zikindutako ura sartu zen. Gertatutakoaren berri izan bezain laster, Gipuzkoako Urak erakundeak garbitzeari ekin zion.
Garbiketa lanak, amaituta
Lanok amaituta daude, baina 72 ordu behar dira uraren edangarritasuna ziurtatzeko. Tarte honetan, Arrasateko Udala herriko hoditeria sistema drenatzen ibili da ur zikina kanporatzeko, eta ura argiago ikusten hasiko da etxeetan (albiste honen argazkian ikus daitekeen bezala).
Ura garbiago ikusteagatik, analisiak egin behar dituzte iturriko ura edangarria dela baieztatzeko. Analisi horien irizpideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen ditu, eta gutxienez 72 orduko berme epea eskatzen dute. Horren ondorioz, Udalak aurreikusten du asteartera arte ezingo dela baieztatu ura edangarria denik.
Ur zisterna Laubide plazan
Hori horrela, Udalak webgunean jasotzen duenez, ur hornidura bermatzeko neurriei eutsi diete. Hala, ur botilak banatzen jarraituko du (55.000 litro erosi zituzten, Insalus eta Alzola etxeekin elkarlanean). Bi puntutan egongo dira eskuragarri: Udaltzaingoan eta Musakola kiroldegian.
Gainera, igandean eta astelehenean, ur zisterna bat jarriko du Udalak Laubide plazan, herritarrek euren botilak eta ontziak bete ditzaten. Zisternaren zerbitzu ordutegia honakoa izango da: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.