Derecho a Techo taldeak izena aldatu du eta aurrerantzean ez da Negu Gorriak izango
Erakundeak salatu duenez, eskuin muturreko taldeek eta hedabide batzuek "nahita sortu dute nahasmena" 90eko hamarkadako musika bandarekin eta "kriminalizatu" egin dituzte.
Orain arte Negu Gorriak/Derecho a Techo izena izan duen kolektiboak ostiral honetan iragarri duenez, aurrerantzean Derecho a Techo izena izango du soilik. Argitaratu duten oharrean, salatu dute "nahita nahasmena sortu" dutela 90eko hamarkadako bandarekin eta Ceutan egindako ekimenean kriminalizatu egin dituztela.
Erakunde nafarrak hainbat egun zeramatzan heriotza-mehatxuak salatzen, taldeko kide batzuk migratzaileekin lan egiten duten erakundeekin elkarlanean aritzeko Ceutara joango zirela iragarri zutenetik. Horrez gainera, joan zen igandean, Poliziak gazte bat atxilotu zuen Ceutan, manifestari batzuek Ceutako diputatu baten ibilgailua jazarri eta haren aurka objektuak jaurti zituztelako. Barruan Derecho a Techoko kideak zeudela uste izan zuten erasotzaileek.
Ostiral honetan argitaratutako komunikatuan, Derecho a Teco taldeak azaldu du, Ceutako ekimen horren harira, eskuin muturreko taldeek eta komunikabideen sektore batek "kriminalizatu" egin dituztela. Kolektiboak ziurtatu du kideek "behin eta berriz" jaso dituztela heriotza-mehatxuak, eta kriminalizazio horri egotzi dio igandean izandako erasoa.
Antolatzaileek uste dute, gainera, "nahita eragindako nahasmena" sortu dutela taldeak erabiltzen zuen euskarazko izenaren eta Negu Gorriak musika bandaren artean. "Egoera ikusita, eta musika taldeko kide ohiek hala eskatuta", antolatzaileek jakinarazi dute ostiraletik aurrera "Derecho a Techo soilik" izango dela kolektiboaren izena.
Taldea duela hiru negu eratu zen Iruñeko "bizitoki-larrialdiari" erantzuteko, eta ordutik jantoki sozialak, izapide administratiboak egiteko laguntza eta etxegabetzeen aurkako protestak antolatu ditu. Halaber, neguko hilabeteetan bizitegi-alternatibak eskaini dizkie kaleko egoeran dauden langile migratzaileei Nafarroako hiriburuko hainbat lokaletan eta Lakabe eta Uli herrietan.
Kolektiboak azken egunetan jasotako babesa eskertu du eta Ceutan jarduera solidarioarekin jarraituko duela ziurtatu du.