Gasteizko Udalak animalien ordenantza berria onartu du: 200 euroko isuna txakurren pixa ez garbitzeagatik
Udalbatzak hasierako onarpena eman dio animalien ordenantza aldatzeari, eta orain testua jendaurrean jarriko dute alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epe hori amaituta, behin betiko onartuko da 2027. urtearen hasieran. Ordenantza horrek 2013koa eguneratuko du eta konpainiako animaliei zuzenduta dago, hala nola txakurrei, katuei eta udoei eta gatibualdian bizi diren animalia exotikoei.
Gasteizko Udaleko osoko bilkura, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Gasteizko Udaleko osoko bilkura hasierako onarpena eman dio konpainiako animalien ordenantza aldatzeari. Testuak, besteak beste, 200 euroko isunak aurreikusten ditu txakurren pixa urez ez garbitzeagatik edota gorozkiak ez jasotzeagatik. Gainera, arau hauste oso larrien kasuan 100.000 euro arteko zehapenak jasotzen dira.
Udal Gobernua osatzen duten taldeek (EAJ eta PSE-EE), EH Bilduk eta PPk alde bozkatu dute, eta Elkarrekin abstenitu egin da.
Hasierako onarpenaren ondotik, testua jendaurrean jarriko da nahi duenak helegiteak aurkezteko aukera izan dezan. Epe hori amaituta, ordenantza 2027. urtearen hasieran behin betiko onartzea da udal gobernuaren helburua.
Isunak gorotzak ez jasotzeagatik eta pixa ez garbitzeagatik
Ordenantza berriak animalien ongizatea indartzeko neurri berriak ere jaso ditu, hala nola katuak mikrotxiparen bidez identifikatzeko betebeharra eta sei hilabetetik gorakoak esterilizatzea. Horrez gain, konpainiako animaliak ezin izango dira 24 ordu baino gehiagoz bakarrik utzi (txakurren kasuan, 12 ordura murriztuko da), eta txakurrak ezingo dira mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetara lotuta eraman.
Berritasunen artean, konpainiako animalien pixa urez garbitzeko betebeharra dago, eta hori ez betetzeak 200 euroko isuna izango du. Era berean, isunaren zenbatekoa 90 eurotik 200 eurora igoko da animalien gorotzak bide publikoan ez jasotzeagatik
Gainera, txakur guztiek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute. Aseguru hori ez izatea arau-hauste arintzat hartuko da, eta 501 euroko zehapena izango du.
Arau-hauste larriek 3.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isunak izango dituzte, gaur egun dagoen 1.500 euroko gehieneko isunaren aldean, eta jokabide hauek barne hartuko dituzte: animaliak etengabe lotuta izatea edo aireztapenik gabe aparkatuta dagoen ibilgailu batean uztea, haren ongizatea arriskuan jartzen duten baldintzetan.
Bestalde, arau-hauste oso larriek, animaliaren heriotza edo ondorio larri iraunkorrak eragin ditzaketenean, gehienez 3.000 euroko zehapena izatetik 10.001 eurotik 100.000 eurora arteko isuna izatera igaroko dira.