Urritik aurrera, Osakidetzan egingo dituzte 10 aste baino gutxiagoko borondatezko abortuak
Urritik aurrera, Osakidetzan egingo dituzte 10 aste baino gutxiagoko borondatezko abortuak, Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Haurdunaldiaren eteteak progresiboki sare publikoan egiteko proiektu pilotua iragarri du Osakidetzak, eta zehaztu duenez, urritik abendura bitarte, bost ESItan (Erakunde Sanitario Integratua) egingo dituzte, baina helburua da 2027an zehar pixkanaka osasun sistema publiko guztira zabaltzea.
Nerabeen Planifikatu Gabeko Haurdunaldia Prebenitzeko Munduko Eguna da gaurkoa, eta urtemuga baliatu du Jaurlaritzak iragarpena egiteko. Gaur egun, osasun zentro pribatuetan egiten dituzte abortu asko, nahiz eta gastuak Osakidetzak hartzen dituen bere gain. Hain justu, zentro horietara gero eta kasu gutxiago bideratzea da proiektuaren helburua.
Aurten bost ESItan abiatutakoa 2027an Osakidetzaren sare osora hedatzea dago aurreikusita.
Eredu berrian Lehen Arretako emagina izango da abortua egiteko erreferentziazko profesionala. Hala, haurdunaldia eten nahi duten emakumeek emaginarekin lehentasunezko hitzordua eskatu beharko dute, eta horrek informazio pertsonalizatua emango die.
Osakidetzak azpimarratu duenez, gai honetan oso garrantzitsua da sexu hezkuntzako eta metodo antikontzeptibo eraginkorrak erabiltzeko politikak indartzen jarraitzea. 2024ko datuen arabera, abortua eskatu zuten emakumeen % 60k baino gehiagok ez zuten metodo antikontzeptiborik erabiltzen, eta prozeduren herenean, ez zen abortua egiten zen lehen aldia.