Etxebizitza dekretuaren bidez etxegabetzeak 2028ra arte debekatu, aldi baterako alokairuaren gaineko araudia gogortu eta laguntza fiskalak areagotu nahi dituzte
Espainiako Gobernua etxebizitzari buruzko dekretu berri bat negoziatzen ari da talde parlamentarioekin, asteartean Ministro Kontseiluan onartzeko. Jutsek "urrundu" egin dela esan du azken orduan, eta Sanchezek "azken esfortzua" egiteko eskatu die alderdi guztiei.
Espainiako Gobernua talde parlamentarioekin lanean ari da astearte honetan onartu nahi duen Etxebizitzari buruzko Errege Lege Dekretua ixteko. Testuak hamar eremutan jardutea proposatzen du, eta une honetan neurriak zehazten jarrraitzen dute, taldeen arteko akordioa lortzeko.
Hainbat hedabide filtratutako zirriborroaren arabera, dekretuak, besteak beste, pertsona kalteberak etxegabetzea debekatu egingo du 2028ra arte, denboraldiko alokairurako baldintzak gogortuko ditu, eta hobari fiskalak emango dizkie jabeei eta maizterrei.
Izan ere, Juntsen babesa lortzeko, Exekutiboak onartu egin du etxejabeei hobari fiskalak ematea. Kataluniarrez gain, Gobernuak Podemosen babesa ere lotu behar du, eta horiek Lurzoruaren Legearen erreforma ezabatzea eskatzen dute, Ministroen Kontseiluan onartu gabeko bertsio batean jasota zegoen puntua, alegia.
Testuaren zirriborroaren arabera, bi premisa horiek bete egingo ditu Gobernuak.
Zirriborroan, halaber, Juntsek eskatutako beste neurri batzuk ere agertuko lirateke, hala nola lehen etxebizitzarako aurrezki kontuak berreskuratzea eta ICOren kredituak etxebizitzarako sarrera ordaintzeko.
Espainiako Gobernuak negoziatzen jarraitzen du nola sartu dekretuan funts putreek etxebizitzka erosteko debekua. Etxebizitzak espekulazio-helburuekin eskuratzea saihestea da neurriaren helburua.
Dekretuak alokairuko kontratuak egonkortzea ere aurreikusten du, eta Etxebizitzaren Legea aplikatzen ez den erkidegoetan bizi diren pertsonak gehiegizko igoeretatik babesteko neurriak ere bai, baita biztanleria osoa berritzeen aurrean babesteko neurriak ere.
Aurreikusitako beste neurrietako bat sasoiko alokairua arautzea da, iraupen laburreko kontratuen iruzurra desagerrarazteko helburuarekin. Gainera, Espainiako Gobernuak planteatzen du pisu turistikoen gainean BEZa aplikatzea, zergak jarduera ekonomiko gisa ordain ditzaten eta horien ugaritzea geldiarazten saiatzeko.
Esquerra Republicana de Catalunyak uste du pertsona kaltebera guztien etxegabetzeak etetea falta dela dekretuan, baita logelen alokairua arautzea ere.
Halaber, sasoiko kontratuen kateatzea mugatzea eskatu dute eta erabilera turistikoko etxebizitzetarako BEZa % 21ekoa izatea, eta ez % 10ekoa, proposatu den bezala.
Bestalde, Sumarrek gelen alokairua arautzea eta kontratuak automatikoki berritzea eskatzen jarraitzen du.
Juntsen azken orduko mesfidantzak
Azken orduan, "akordiotik urruntzen" ari dela ohartarazi du Juntsek.
Juntseko iturriek adierazi dute "neurri handi batean" ados zeudela Gobernuak gaur goizean egindako proposamenarekin. Hala ere, alderdiak uste du arratsaldean filtratu den testuaren zirriborroak negoziatutakoaren parte ez ziren neurriak jasotzen dituela, aurreko dekretuak "baliozkotzea eragotzi zutenak", hain zuzen ere.
Zehazki, "okupazioaren onarpena" aipatu du alderdiak, eta "jabe txikiak babesik gabe eta funts putreekin berdintasunean uzten dituen neurria" dela salatu.
Era berean, zalantzan jarri du Hiri Errentamenduen Legearen erreforma integrala dekretu baten bidez egitea, "erreforma hori Legebiltzarreko talde politiko guztien parte-hartzearekin izapidetzen ari da eta, dagokion lege proiektuaren bidez".
Aldaketa horiek koalizioko kideen "presioari" egotzi dizkio Juntsek, eta "etxebizitzaren benetako arazoei helduko dien testu bat itxi arte" negoziatzen jarraitzeko nahia berretsi du: "Akordioa egotea nahi dugu. Ez da gure aldetik esfortzurik faltako".
"Oraindik denbora dago. Izan ere, etxebizitzaren arloan, helburua ez litzateke argazki bat, txio bat edo titular bat izan behar: irtenbideak aurkitzea izan beharko litzateke", gaineratu dute.
Etxebizitza dekretua onartzeko "Estatu zentzua" eskatu die Sanchezek alderdi guztiei
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak etxebizitzaren dekretua aurrera ateratzeko "azken ahalegina" egiteko eskatu die Kongresuko indar politiko guztiei, "ikuspegi zabaletik, Estatu zentzuarekin eta erantzukizunez".
Horixe esan du Kataluniako Kongresuen Jauregian egindako Vanguardia sarien galan, 1.200 gonbidaturen aurrean, besteak beste, PPko buru Alberto Nuñez Feijoo, Kataluniako presidente Salvador Illa, Parlamentuko presidente Josep Rull, Bartzelonako alkate Jaume Collboni, ekonomia eta enpresa munduko pertsona ezagunak eta Groenlandiako lehen ministro Jens-Frederik Nielsen.
Espainiako Gobernuak planteatzen dituen 10 puntuak
1. Maizterrak etxegabetzeen aurrean babestea.
2. Funts putreei erosteko debekua ezartzea.
3. Alokairu-kontratuak egonkortzea.
4. Sasoiko alokairua erregulatzea.
5. Pisu turistikoen gainean BEZa ezartzea.
6. Maizterrentzako hobari fiskalak bideratzea.
7. Hobari fiskalak eskaintzea alokairuaren prezioa jaisten duten jabeei.
8. Lehen etxebizitza erosteko laguntzak garatzea.
9. Estatuko etxebizitza-parkea blindatzea.
10. Kalifikazio iraunkorreko etxebizitza babestua eraikitzeko BEZa jaistea.
"Maricarmen dekretua" delakoak Madrilen etxegabetutako 87 urteko emakumearen kasua du jatorria, etxegabetzeen aurkako babesa etxebizitza-neurri berrien eztabaidaren erdigunean kokatu baitu.