Maizterren Sindikatuen Konfederazioak bi dekretuak baliozkotzeko eskatu du
Lapiko joka protesta egitera deitu dute ostegun honetan, 20:00etan, Estatuko udaletxe guztien aurrean.
Maizterren Sindikatuen Konfederazioak lapiko-jotzeak deitu ditu biharko, ostegunerako, Espainiako Estatuko udaletxe guztien aurrean. Hitzordua 20:00etan jarri dute, eta asmoa da Kongresuko talde guztiei bi dekretuak baliozkotzea eskatzea. Gainera, manifestazioak iragarri dituzte astebururako, “greba orokorra bultzatzeko”.
"Dekretuko ia neurri guztiak" herritarren mobilizazioari esker onartu dituztela ospatu dute sindikatuek, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "bi dekretutan banatu" izana deitoratu dute, haien ustez horrek talde parlamentarioek neurri estrukturalena bertan behera uztea ahalbidetzen duelako, hau da: kontratuak automatikoki berritzea.
Hori dela eta, lapiko-jotzeak deitu dituzte ostegunerako, Diputatuen Kongresuak ostiralean ezohiko osoko bilkuran bi dekretuak baliozkotzea eskatzeko.
"Alderdi bat ere ez dadila ausartu egun hauetan kaleetan azaldutako gizarte-aldarriaren kontra bozkatzera, traizionatzera", azaldu dute ohar batean.
Era berean, maizter sindikatuen esanetan, dekretuek "hamarkadatan zehar etxebizitza negozio bihurtu duten politikak" desagerrarazi ezingo dituzten arren, arauak aldatzeko "aukera historikoaren leihoa" ireki da.
"Etxebizitzaren aldeko greba orokorrerantz bultzaka ari diren milaka eta milaka lagunen mobilizazioak bakarrik lor dezake. Gehiago lortzeko, greba orokorra behar dugu", esan dute.
Hori dela eta, asteburu honetan, urriaren 3an eta 4an, manifestazioak deitu dituzte Estatuko hainbat hiritan.
Hego Euskal Herrian, bere aldetik, Euskal Herriko etxebizitzen aldeko mugimenduek (Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Eukal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea) ostiralean, urriak 2, mobilizatzera deitu dute, lau hiriburuetan, 19:00etan, espekulazioaren kontra eta etxebizitza-eskubidea bermatzearen alde.