Volotea hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu da
Hartzekodunekin akordioa lortu nahi du konpainiak, 200 milioi euroko finantza-zorra berregituratzeko
Volotea aire konpainiak hartzekodunen aurrekonkurtsoa hastea eskatu du Bartzelonako epaitegi batean.
Duela astebete jakinarazi zuen hartzekodunekin elkarrizketetan zebilela bere finantza-zorra epe luzera berregituratu ahal izateko (200 milioi euro ingurukoa da), eta konpainiaren bideragarritasuna bermatuko duen akordio batera iristeko.
Era berean, Voloteak hegazkinen kopurua murriztea aurreikusten du; 44 ditu gaur egun eta 30 edo 35ekin gelditzea nahiko luke. Azkenik, inbertitzaileen bila dabil kapitala handitzeko.
Konpainiak 22 joan-etorri egiten ditu Loiuko aireportutik, bost Hondarribitik eta hiru Gasteiztik. Halaber, azaroan Noaindik Sevillarako joan-etorriak martxan jartzeko asmoa dauka.