Hondarribian gertatutakoa ekidin zitekeela eta gizarteak porrot egin duela adierazi du Igor Enparan alkateak
Udaltzain batek 46 urteko gizon bat tiroz hil eta biharamunean, alkateak ikerketa inpartziala egin dadila eskatu du gertaturikoa argitzeko.
Hondarribian udaltzain batek 46 urteko gizon bat tiroz hil eta biharamunean, gertaturikoa ekidin zitekeela eta gizarteak porrot egin duela nabarmendu du Igor Enparan alkateak. Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, gizarte zerbitzuak aspaldidanik ari ziren gizona artatzen, baina gizarteak ez du asmatu biktimari behar zuena eskaintzen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hildakoak aurrez labanaz mehatxu egin zien kalean zeuden herritarrei eta gero ertzain bati eraso egiten saiatu zen.
Enparan alkateak gertaturikoa argitzeko ikerketa inpartziala egin dadila eskatu du eta Udalaren elkarlana agindu du horretarako.
Udaltzain batek tiroz hil zuen gizona egoera oso zaurgarrian zegoela eta buru osasun arazoak zituela azaldu du alkateak.
Halaber, hausnarketa egitea eskatu du eta erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzea. Aurrez ere neurri batzuk hartu arren, alkatearen arabera, "ez gara gai izan, gizarte bezala, pertsona horren egoerara egokitzeko eta baliabide nahikoak emateko".
Amaitzeko, alkateak doluminak eman dizkie hildakoaren senide, lagun eta ingurukoei.
Lasaitasuna eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Gipuzkoako aldundiak lasaitasuna eskatu du arratsalderako Hondarribian "arrazismoaren eta Poliziaren hilketen kontra" deituta dagoen elkarretaratzearen harira.
Gainera, ohartarazi du egoera muturrera eramateak arriskuak ekar ditzakeela, gorroto mezuak zabaldu eta gizartea zatitzea eragingo duelakoan.
"Gipuzkoa lotuta dagoen lurralde bat da, non gisa horretako mezuek ez duten tokirik. Guztion erantzukizuna da gertatutakoa ikertzen duten bitartean lasai egotea", adierazi du.