Udaltzain batek gizon bat hil du, tiroz, Hondarribian
Segurtasun Sailak azaldu duenez, gizonak arma zuri batekin mehatxatu ditu ostalaritzako lokal batean zeuden pertsonak. Udaltzaingoa eta Ertzaintza hura geldiaraztera joan direnean, ertzain baten kontra oldartu da eta udaltzain batek tiro egin dio.
46 urteko gizon bat hil da astelehen arratsalde honetan Hondarribian. Udaltzain batek tiro egin dio, Ertzaintzako agente bati arma zuri batekin eraso egiten saiatu ostean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko, protokoloari jarraituz.
Antza denez, astelehen arratsaldean, Hondarribiko ostalaritza-lokal batean zeudenei mehatxu egiten hasi zaie gizona, arma zuriz. Abisua jaso eta berehalaa bertaratu dira Udaltzaingoa eta Ertzaintza.
Gizona geldiarazten saiatu dira agenteak, eta, une batean, agenteetako bat arma zuriarekin zauritzen saiatu da behin baino gehiagotan. Eraso horren aurrean, udaltzain batek arauzko arma atera eta tiro egin dio.
Gizonak biziraun zezan saiatu dira agenteak osasun-langileak iritsi arte, eta suspertzeko maniobrak egin dizkioten arren, azkenean, hil egin da.
Hildakoa 46 urteko Saharaz hegoaldeko herritar bat zen. 12 aldiz atxilotu izan dute, 10 aldiz ikerketapean jarri.