Podemosek etxebizitza dekretuak babestu egingo ditu, eta EAJk, Juntsek eta beste batzuek zer bozkatuko duten jakinkizun dago
EAJk Espainiako Gobernuak onartutako etxebizitza-dekretuak aztertzen jarraitzen du, bi dokumentuen bozketan zein jarrera izango duen zehazteko. EH Bilduk azpimarratu duenez, "EAJk maila eman behar du".
Ostiralean bozkatuko da Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuak bultzatutako bi etxebizitza dekretuen gainean. Neurri horiek banan-banan bozkatuko dituzte, eta, osoko bilkurarako egun bat falta denean, hainbat talde parlamentariok oraindik ez dute baieztatu zein boto emango duten.
PSOEk eta Sumarrek, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, bi dekretuak babestuko dituztela adierazi dute, eta Podemosek, EH Bilduk, ERCk eta BNGk ere aldeko botoa emango dutela iragarri dute.
Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak iragarri du bere alderdiak alde bozkatuko duela. Belarrak TVEn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, bi dekretuei babesa emango die Maizterren Sindikatuen Konfederazioak eskatu dielako, gaur goizean egin duten bileran.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak presioa egin nahi izan die Kongresuko talde parlamentarioei dekretuen bozketaren bezperan, eta etxeetan bizi nahi dutenen ala etxeekin dirutzak irabazi nahi dituztenen alde egiteko aukera dutela esan die.
Sanchezek Instagramen zabaldu du mezua, eta politikaren helburua jendearen bizitza hobetzea dela esan du.
Maitane Ipiñazar EAJren Exekutibako idazkariak adierazi duenez, alderdiak Espainiako Gobernuak onartutako etxebizitza dekretuak aztertzen jarraitzen du bi dokumentuen bozketan bere jarrera zein izango den zehazteko, baina "funts putreak jabe txikiekin parekatzea" dakarten neurrien aurka dagoela adierazi du.
Ipiñazarrek adierazi duenaren arabera, "herrialde honetan merkatuan dauden pisuen % 90 jabe txikienak dira". "Jende normal eta arrunta dira, etxebizitza bat heredatu dutenak; eta pertsona horiek ezin dira funts putreekin parekatu", adierazi du.
Nolanahi ere, EAJk "dokumentuak zehatz-mehatz aztertzen" jarraitzen duela azpimarratu du. "Laster ikusiko dugu zer ondorio atera dugun", gaineratu du.
Jon Hernandez Sumarren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak mezua bidali dio EAJri, eta aurpegiratu dio jabe batek "diru gehiago lortu nahi duelako" inor "etxetik botatzea bidegabea" dela, inbertsio funtsek egiten dutena bezain bidegabea.
Hernandezek zuzenean aipatu du EAJ. "Jabeak diru gehiago lortu nahi duelako zure etxetik kanporatzea bidegabea da, berdin dio inbertsio-funts batek edo bi edo hiru etxebizitza dituen jabe txiki batek egiten duen. Zikoizkeria espekulatibo hutsa da, oinarrizko ondasunez baliatuta, eta, beraz, borrokatu egin behar da", esan du.
EH Bilduren aldetik, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak azpimarratu du erantzuna eman behar zaiola krisi hau arintzeko neurriak eskatzen dituen "gehiengo sozial ikaragarriari".
"Indar politikoei dagokigu maila ematea. EAJk ere maila eman behar du. Bizitegi larrialdia dugu, eta politika sendoak behar ditugu, abstentzioak ez du balio", adierazi du.
Kortajarenak EAJri esan dio dekretuak ez direla nahikoak, baina beharrezkoak direla, eta horietan ez dagoela "jabe txikien aurkako neurririk, espekulazioaren eta funts putreen kontrakoak baizik".
Ildo horretan, "aitzakiak baztertu egin behar dira, arduraz jokatzeko eta lasaitasuna eskaintzeko momentua da", esan du.
Euskadiko Kaleratzeak Stop elkarteak etxebizitza-dekretuak onartzeko eskatu die Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei, "Maricarmenen etxegabetze krudelaren ondorioz izan den mobilizazio sozial handiari esker".
Elkarteak ohar batean gogorarazi duenez, kalean dagoen jendea "etxegabetzeen, etxebizitza izateko eskubidearekin espekulatzearen aurka eta etxebizitza duina eta eskuragarria izatearen alde" protesta egitera atera da.
Horregatik, dei egin die Kongresuan parte hartzen duten euskal alderdiei Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu diren dekretuak onar ditzaten.
LABek adierazi du EAJ, etxebizitzaren arloan, "negozio eredu errentatzailearen" aldeko politikak elikatzen ari dela, eta "norabidez aldatzeko" eta Espainiako Gobernuaren etxebizitza dekretuen alde bozkatzeko eskatu dio.