TRAFIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Goiz korapilatsua Bizkaiko errepide nagusietan istripuen ondorioz

Zamudion izandako istripu batek auto-ilara luzeak eragin ditu lehenengo ordutik, baina jada konpondu da egoera. Hala ere, Lezaman, kontrako norantzan, izandako beste ezbehar bat gutxienez 4 kilometroko ilarak sortzen ari da, eta Muskizen, A-8an, Bilbora bidean, izandako beste istripu bat arazoak eragiten ari da inguruan.

BI-30 errepidean, Zamudion, izandako istripu batek auto-pilaketa handiak eragin ditu gaur goizean Donostiako norantzan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. 07:30ean sei kilometrora iristen ziren auto-ilarak.

Ezbeharra aipatu errepideko, Txorierri igarobideko, 17. kilometroaren inguruan gertatu da, eta bi errei itxi dituzte.

Ezbeharraren ondorioz pertsona bat arin zauritu da, baina egoera normaltasunera itzuli da jada.

Hala ere, kontrako norabidean, Lezaman, izan den beste istripu batek lau kilometroko ilarak sortu ditu, baina 10:15ean jada konpontze bidean zen korapiloa.

Agirletatik Txorierrira bidean ere istripua izan dute lau ibilgailuk, eta BI-20 errepidea itxi egin dute Derion, Mungiara bidean. 10:00etarako konponduta zegoen arazoa, eta bidea berriro irekita.

Muskizen istripua izan da A-8 errepidean, Bilboko norantzan, eta errei bat itxi behar izan dute. Auto-ilarak 3 kilometrokoak ziren 09:30ean.

Artatzan istripua izan da Leioara bidean, eta arazoak eragiten ari da zirkulazioan.

Malmasin inguruan ere goizeko trafiko dentsitate handiak sortu ohi dituenak baino auto-pilaketa handiagoak daude gaur goizean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X