Edarietan burundanga 10 bat minutuan hautemateko gai den gailu bat garatu du EHUk
Metodo diskretua, eramangarria eta erabilerraza da. Gainera, aurretiazko analisiak in situ egiteko aukera ematen du, laborategiko ekipoen beharrik gabe.
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) edarietan burundanga deituriko droga 10 minutuan detektatzen duen gailu bat garatu du, sistema "eramangarri eta merke" bat, analisiak in situ egiteko balio duena, laborategiko ekipoen beharrik gabe.
Microfluidics Cluster ikerketa taldeak garatu du, Lourdes Basabe irakaslea buru duela, hain zuzen ere, paperean oinarritutako gailu mikrofluidiko autonomo hori, produktu farmazeutikoetan, landare estraktuetan eta edarietan eskopolamina berehala hauteman dezakeena.
Gainera, tresna diskretua, eramangarria eta erabilerraza da. Aparatuak gailu mikrofluidiko autopropultsatu bat du, eta paperezko euskarri bat. Euskarri horretan gertatzen den erreakzioak kolore aldaketa bat eragiten du, emaitzaren arabera.
"10 bat minutuan emaitza ikus daiteke", azaldu du Isabel Poves azterlanaren egile nagusiak. Povesen iritziz, "gailu horri esker, sumisio bidezko erasoak saihestu ahal izango dira.
Burundanga bereziki arriskutsua da eragin amnesiko, lasaigarri eta haluzinogeno handiak dituelako, eta, gainera, ez du kolorerik, usainik ezta zaporerik ere.