Hondarribian senegaldar bat tiroz hil zuen udaltzaina lanetik apartatu dute
Euspel sindikatuak adierazi du polizia ez dutela "diziplina" kontu batengatik baztertu, baizik eta horrelako egoeretan ohiko prozedura delako.
Astelehenean Babacar Welle senegaldarra tiroz hil zuen Hondarribiko udaltzaina lanpostutik apartatu dute eta arma kendu diote, sindikatu iturriek jakitera eman dutenez.
46 urteko Welle udaltzain batek tiroz hil zuen, Ertzaintzako agente bati aiztoaz eraso egiten saiatzen ari zelako, taberna batean aurrez hainbat pertsona arma zuriz mehatxatu ondoren.
Agentearen defentsa juridikoa bere gain hartu duen Euspel sindikatuak azaldu duenez, guardia ez dute "diziplina" kontu batengatik baztertu, horrelako egoeretarako ohiko prozedura ezarri dute eta.
Horrelako gertakariak jazoz gero, Euspelek azaldu duenez, poliziei oporrak hartzeko aukera ematen zaie, baimen-egunak ematen zaizkie edo baja hartzen dute. Polizia horren kasuan, Datuak Babesteko Legea dela eta, sindikatuak ez daki zer formula erabili den.
Gaia polizia-instrukzioaren fasean dago oraindik, eta Ertzaintzaren esku dago, instrukzio judiziala hasi baino lehen.
Sindikatuak "babes osoa" helarazi dio udaltzainari, eta gogorarazi du "lankide baten bizitza salbatu" duela, nahiz eta "zoritxarrez gizon batek bizia galdu duen".
Euspelek, gainera, adierazi du Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin bat datorrela, kasu honetan "erakundeek huts egin dutelako".
Azpimarratu duenez, "buruko arazoak zituen, eta gertatutakoa gertatu arte, neurri asko hartu beharko ziren".