OSASUNA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hauek dira borondatezko abortuak Osakidetzan egiteko eredu berriaren nobedadeak

Gaurtik aurrera, Osakidetzak bere gain hartuko ditu sare publikoan egindako borondatezko abortuak, batez ere hamar aste baino gutxiagoko haurdunaldietan.

Consulta enfermería, Ambulatorio Antiguo, Centro de Salud, Osakidetza, Donostia, San Sebastian, Gipuzkoa, Basque Country
Osakidetzaren kontsulta bat. Artxiboko argazkia: Irekia

Osakidetza gaur hasiko da haurdunaldia beren borondatez eten nahi duten emakumeak sare publikoko zentroetan eta ospitaleetan artatzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berriki jakinarazi duenez. Modu progresiboan hasiko da haurdunaldien eteteez arduratzen, eta pixkanaka-pixkanaka sare osora zabaltzea da asmoa. 

Proiektu pilotua urritik abendura, eta 2027an, sare osora

Haurdunaldia sare publikoaren bidez eteteko proiektu pilotua abiatu du gaur Osakidetzak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan, eta progresiboki ezarriko da. Pilotajea bost ESItan (Erakunde Sanitario Integratua) egingo dute urritik abendura, eta 2027an Osakidetzaren sare osora hedatzea dago aurreikusita.

Gaur-gaurkoz Osasun Sailak ez du argitu zein ESItan jarriko duten martxan proiektu pilotua. 

Gainerako ESIetan orain arteko "berme berak" mantenduko dira eta abortuak zentro pribatuetara bideratuko dira, nahiz eta gastuak Osakidetzak hartuko dituen bere gain, Ainara Alutiz Osakidetzako emaginen arduradunak asteazken honetan Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi duenez. 

14. astea baino lehen

Gaur egun, Osakidetzako zentroetan egiten dituzte  22. astera arte osasun arrazoiengatik egiten diren abortuak. 14. astearen aurretik  borondatez haurdunaldia eten nahi duten emakumeak, berriz, zentro pribatuetara bideratzen dituzte, eta Osakidetzak bere gain hartzen ditu gastuak.

Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 4.000 abortu inguru egiten dira, eta % 94 baino gehiago euskal osasun sistema publikoak finantzatzen ditu.

Orain, Osakidetzak beste pauso bat eman nahi du haurdunaldia borondatez eten nahi duten emakumeei egiten zaien arretaren zati bat sare publikoko zentroetan garatzeko. Hain justu, zentro horietara gero eta kasu gutxiago bideratzea da proiektuaren helburua. 

10. astea baino lehen

Osakidetzak proiektu pilotu bat abiatu du 10 aste baino gutxiagoko haurdunaldiak borondatez eteteko, botiken bidez, progresiboki, sare publikoan egiteko. 

Pilotajeari esker, emaitza klinikoak, asistentzia, baliabideen beharrak eta erabiltzaileen esperientzia ebaluatuko dira, 2027an zehar pixkanaka osasun sistema publiko guztira zabaldu aurretik. 

Haurdunaldiaren Borondatezko Etenduren Euskal Erregistroan jasotako datuen arabera, haurdunaldia eteteko prozeduren erdiak, gutxi gorabehera, tratamendu farmakologikoen bidez egiten dira gaur egun, eta gehienak haurdunaldiaren etapa goiztiarretan gertatzen dira. 

Lehen Arretako emagina, abortuetarako erreferentziazko profesionala

Eredu berrian Lehen Arretako emagina izango da abortua egiteko erreferentziazko profesionala. 

Hala, haurdunaldia eten nahi duten emakumeek emaginarekin lehentasunezko hitzordua eskatu beharko dute, eta horrek informazio pertsonalizatua emango die.

Ondoren, hainbat faktoreren arabera (haurdunaldiko asteak, egoera klinikoa, emakumearen erabakia eta abar), emakumearentzat egokiena jotzen den asistentzia abiaraziko da. 

Berritasun gehiago

Osakidetzak ezarritako protokolo berriak funtsezko alderdi batzuk indartzen ditu, hala nola konfidentzialtasuna, intimitatea, segurtasun klinikoa eta emakume bakoitzak haurdunaldia eteteari buruz erabakitzeko duen autonomiarekiko erabateko errespetua. Horrez gain, informazioa eta aholkularitza indartzearen aldeko apustua ere egiten du eredu berriak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X