Sumarrek azalpenak eskatuko ditu Legebiltzarrean Hondarribian izandako gizon baten hilketaren harira
Jon Hernandezek azaldu duenez, "zer gertatu zen jakin behar da, baina baita aurretik zerk huts egin zuen ere".
Jon Hernandez legebiltzarkidea
Segurtasun Sailari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu Sumarrek Eusko Legebiltzarrean, joan den astelehenean Hondarribian egin zuten eta 46 urteko gizon baten hilketa eragin zuen polizia-operazioa argitzeko.
Jon Hernandez legebiltzarkideak ohar batean adierazi duenez, "gertakari izugarri larri baten aurrean gaude, eta jakin behar dugu zer gertatu zen, baina baita aurretik zerk huts egin zuen ere, zaurgarritasun egoera ezagun batean zegoen pertsona batek horrelako egoera batean amaitu zezan".
Bere ustez, "Segurtasun Sailak erantzukizun politikoa du, esku-hartzearen azken minutuak argitzetik harago doana". "Erakundeek aldez aurretik egoera bereziki ahula ezagutzen bazuten, zer jarraipen zegoen eta zergatik ez zen ezer egin horra iritsi aurretik jakin behar dugu", adierazi du.
Erregistratutako galderen artean, Hernandezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zehaztu dezala "esku-hartzearen kronologia, lehen abisua jaso zenetik tiroak egin ziren arte", zein langilek hartu zuten parte eta nork hartu zuen bere gain operatiboa koordinatzea.
Era berean, "udaltzainek zenbat tiro egin zituzten, gutxi gorabehera zein distantziatara egin zituzten eta une horretan esku hartzeko zein bitarteko ez hilgarri zeuden" jakitea eskatu dute.
Hernandezek, gainera, galdetu du ea grabaziorik, polizia-komunikaziorik, gorputz-kamerarik edo esku-hartzearen bestelako ikus-entzunezko erregistrorik baden, eta ea material hori ikerketa judizialaren esku jarri duten, besteak beste.