Segiko hogeita hamar bat militante ohik jasandako tortura ikertzeko eskatuko dute
Auzitegi Nazionalaren 2014ko maiatzeko absoluzio-epaiak berak azpimarratzen zuenez, instrukzio-epaileak "ez zuen ikerketa-ekimenik hartu atxilotuen tortura-salaketen aurrean".
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) jakinarazi duenez, Segi ezker abertzaleko gazte erakundeko 30 bat kide ohik jasandako tortura kasuak ikertzeko eskatuko dute.
Behatokiak azaldu duenez, ekimen kolektibo judizial berri horrek zerikusia du "tortura-delitua ez ikertzearekin eta horren inguruan egon den egiturazko zigorgabetasunarekin".
Salaketaren jatorria 2009ko azaroan abiatu zen, gazte horiek atxilotu eta Espainiako justiziaren esku utzi zituztenean, legez kanpokotzat jotako Segiko kide izatea leporatuta.
GEBehatokiak nabarmendu du "Euskal Herriko historian izan den ekimen judizialik ugariena” izan zela, eta gogoratu Espainiako polizia indarrek operazio horretan atxilotutako pertsona guztiek torturak salatu zituztela.
Gainera, Auzitegi Nazionalaren 2014ko maiatzeko absoluzio-epaiak berak azpimarratu duenez, instrukzio-epaileak ez zuen ikerketa-neurririk hartu atxilotuen tortura-salaketen inguruan. Epaiak, gainera, inkomunikazio-aldiak sortzen duen zaurgarritasun-egoera aipatu zuen.
Epaiketan atxilotutako gazte guztiak absolbitu zituzten, baina tortura salaketen inguruko ikerketa judiziala falta dela adierazi du GEBehatokiak.
“Hamarkadak behar izan dira negazionismoa gainditzeko eta gaur egun tortura salaketen egia bere egiten duen adostasuna eraikitzeko. Baina botere judiziala da, zalantzarik gabe, nazioarteko eskakizunekin (egia, erreparazioa eta justizia, eta ez errepikatzeko bermeak) bat egin gabe jarraitzen duen azken kate-maila”, salatu du.