Beatriz Artolazabal jeltzalea senatari izan dadila erabaki du Eusko Legebiltzarrak
EAJren eta PSE-EEren aldeko 39 botoekin eta oposizioaren 36 boto zuriekin hautatu dute Artolazabal. Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du Senatuan EAJren bozeramaile gisa.
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Beatriz Artolazabal senatari izendatu du gaur, ostegunarekin. Artolazabalek Estefania Beltran de Heredia ordezkatuko du Senatuan, EAJren bozeramaile gisa.
Artolazabalen hautagaitzak, orain arte Gasteizko alkateorde karguan zegoenak, aurrera egin du, EAJk eta PSE-EEk (39 aldeko boto) babestu eta oposizioak (EH Bildu, PP, Sumar eta Vox, 36 legebiltzarkide) boto zuria eman duelako.
Artolazabal (Gasteiz, 1970) 21 urterekin afiliatu zen EAJn. Ekonomia eta Enpresa Zientziak ikasi zituen EHUn, eta Arabako hiriburuko Udalean hasi zuen bere ibilbide politikoa, zinegotzi gisa, 2000. urtean.
Hain zuzen ere, erakunde horretan aritu da lanean azken hiru urteetan, lehen alkateorde eta Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotzi gisa.
Bere ibilbide politikoan zehar, Osakidetzako ekonomia eta finantzako zuzendaria, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako diputatua eta Eusko Jaurlaritzako sailburua ere izan da, lehenik Enplegu eta Gizarte Politiketako arduradun gisa, eta, ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako arduradun gisa.